Ardi Beltza argitaletxeak, Poliziaren kontrolpean bazen ere, Un rey golpe a golpe (Errege bat kolpez kolpe) argitaratu zuen 2000. urtean, eta arrakasta izan zuen liburuak —urtebete geroago itxi zuten argitaletxea, Baltasar Garzon epailearen aginduz—. Segurtasun arrazoiengatik, Patricia Sverlo izenordearekin sinatu zuten, eta, Público egunkariak plazaratu duenez, Rebeca Quintans da benetako egilea. Hari egindako elkarrizketa batean kontatzen ditu liburua egiterakoan izandako gorabeherak.
Quintasek azaldu duenez, "oso klandestinoa" izan zen liburua egiteko prozesua. Segurtasun neurri ugari hartu zituzten, eta soilik Pepe Rei argitaletxeko zuzendariarekin hitz egiten zuen berak. Gogora ekarri du Errenteriako erredakziora joaten zenean inork ez zekiela nor zen, ezta han zer egiten zuen ere. Ustez, Madrilgo kolaboratzaile bat zen.
Liburuaz hitz egiteko, sakelako telefonoei bateria kentzen zieten, eta Gipuzkoako hainbat txokotan aritzen ziren solasean: Donostiako Kontxan, Hondarribian, Jaizkibelen... Lan egiteko garaian, berriz, Quintasek dio Madrilen "presio ugari" zegoela eta ezin zela publikoki adierazi euskal hedabideekin kolaboratzen aritzea: "Nik sinatu izan banu, ez liburua, baizik eta edozein kolaborazio Pepe Reiren argitaletxean, ez nuke berriro Madrilen ezer argitaratuko". Gogoan du une batzuetan "nazismoa" gogora etorri zitzaiola. "Ezin zen hitz egin".
Kontatu duenez, argitaletxeak hainbat laguni banatu zizkien liburuak —besteak beste garai hartako goi kargudunei—, baina dendatan erostea ere ez zen horren zaila. "Ardi Beltzaren estrategia editorial guztia pentsatuta zegoen liburuaren irteera prestatzeko". Nabarmendu du beste hainbat liburu plazaratu zituztela lehenik —Gran Hermano, esaterako—, banatzaileek argitaletxea salgune handietara eramatea lortzeko.