LAB sindikatuak Juan Diego EITBko kudeatzaile ohiaren aurkako kereila kriminala aurkeztu zuen Bilboko epaitegian otsailaren amaieran. Andoni Ortuzar EITBko zuzendari nagusi zela, diru publikoarekin sortutako Vilau Media enpresaren bitartez funtsak bidegabe erabiltzea eta delitu sozietarioak egitea leporatu zion sindikatuak Diegori. EITBren izenean 700.000 euroko mailegu baterako bermea sinatu izana leporatzen diote kudeatzaile ohiari. Izan ere, BBK-k Vilau Media enpresari eman zion mailegua, eta diru hori EITBk ordaindu behar izan zuen iaz. Horren ondorioz, murrizketak egin behar izan zituen EITBko zuzendaritzak.
Gaur goizean inputatu gisa deklaratu du Diegok Bilboko Epaitegian. Diegok azaldu du bere ardura bete zuela kontseilari gisa eta ez zuela enpresa pribatuetan parte hartu. "LABen kereila faltsua da hasieratik amaierara arte". Diegoren arabera, sinatu zuen maileguak EITB "soilik urte baterako konprometitzen zuen", eta Suriok zuzendutako taldeak bazuen horren berri. EITBko kudeatzaile ohiak salatu du LAB auzia erabiltzen ari dela, "talde publikoaren kudeaketa akatsgabea zikintzeko".
Epaitegiaren sarreran, bestalde, LABek elkarretaratzea egin du, 'EITBn kudeaketa publiko eta gardena!' lelopean. LABek prentsa ohar batean azaldu duenez, delitua izan daitekeelako zantzuak ikusi ditu epaileak Diegoren jardunean, "bai eta diru publikoaren erabilera okerra ere". LABek hauxe nahi du argitzea: "Zein den inplikatuta egon daitezkeen pertsonen ardura maila auzian, eta horien erantzukizun politiko eta penalak, oraingoan Vilau Media SL enpresaren kasuan". LABek adierazi du EITBrentzat "eredu publikoa, zuzenekoa eta gardena" aldarrikatzen eta defendatzen jarraituko duela.