Martin Ugalde Foroa
Juan Jose Ibarretxek abiatuko du Martin Ugalde Foroaren ibilbidea
Iraganetik bizi beharrean etorkizuna lantzeko gonbita eginez aurkeztu zuten joan den urriaren 4an Martin Ugalde Foroa. Eta ildo beretik joango da Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren hitzaldiaren izenburua: =iEuskadi... etorkizunari begira=i. 19:00etan izango da hitzaldia, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. Hitzaldiak ateak irekita izango ditu gerturatu nahi duenarentzat, eta www.berria.info-k zuzenean emango du. Webgunean Ibarretxeren hitzaldiari buruzko banner bat egongo da. Bertan sakatu eta hitzaldia zuzenean jarraitu ahal izango da.
Hitzaldiaren aurkezpena Joan Mari Torrealdaik egingo du, Martin Ugalde Foroaren izenean. Ondoren Ibarretxek hartuko du hitza. Eta gero tarte bat irekiko da galde-erantzunentzat.Gune irekia, zabala, hitzaren eta elkarrizketaren lekua izango den foroa abiatuko da modu honetan. Hilean behin bilduko da. Hitzaldiak, mahai-inguruak edo gai jakin bati buruzko eztabaidak sustatuko ditu. Euskal Herriko solaskideak euskara hutsean jardungo dira, eta atzerritarrei itzultzailea jarriko zaie.Gaiak askotarikoak izango dira, baina aurkezpenean iragarri zuten moduan, Martin Ugalde kazetari eta euskaltzale ohiaren ibilbidea eta espiritua izango da guztien iparra. Foroa Martin Ugalderen heriotzaren lehenengo urtemugan aurkeztu zuten. Eta haren ibilbidea eredu hartuta aurrera egitea jarri zuten helburu. Berria egunkaria eta Martin Ugalde kultur parkeak sustatutako ekimena da foroa. Eta aurkezpenean Berriako zuzendari Martxelo Otamendik esan zuen moduan, euskaraz jarduten duten kazetarientzat erreferentzia garrantzitsua izatea da xedea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu