Bi urte bete dira ekainean Juan Karlos Izagirre (Igeldo, Donostia, 1963) Donostiako alkate izendatu zutenetik, eta, legealdiaren lehen erdiaz balorazio ona egiten du. Bildu legeztatu eta gutxira irabazi zituen hauteskundeak, eta egunerokotasuneko harremanek normalizazio politikoan duten garrantzia nabarmendu du: "Oso garrantzitsua da egunerokotasunean jendeari adieraztea hitz egin behar dela ezberdinen artean, gauzak elkarrekin egin behar ditugula".
Euskara plan berri bat onartu zuen udal gobernuak ostiralean, eta gehiago izango dira aurrerantzean euskara jakin beharko duten langileak. "Langile euskaldunak hartuz gero, ez duzu inor euskalduntzen ibili beharrik", azaldu du.
Astelehenean jakinarazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak udalerri izateko aukeraz galdeketa egingo duela Igeldon. Izagirre Igeldokoa da, baina prozesuak aurrera jarraituta ere "donostiarren interesen alde" jardungo duela adierazi du, "beti ere koherentzia politikoa eta herritarren hitzaren errespetua kontuan hartuta". Galdeketa egingo du diputazioak horretarako, eta herritarren parte hartzerako formula horren inguruan ere mintzatu da: "Ez diegu inongo beldurrik kontsultei, eta gure ereduan jasoa egongo da aukera hori".
Gainera, asteon iragarri du PPk udal gobernua auzitara eramango duela, hirian zezenketak "debekatu" egin dituela argudiatuta. "Akats batean oinarritzen da salaketa hori; guk ez dugu ezer debekatu", erantzun du.
Izagirreri eginiko elkarrizketa argitaratuko du bihar BERRIAk.