Hau da Ertzaintza eta laneko bajak izenburupean Juan Karlos Izagirrek asteburuan Facebooken idatziriko gutuna:
"Pasa den astean San Mames inguruan gertatutako istiluen ondorioz, Ertzainen deklarazio kuriosoak entzun ahal izan ditugu. Denetarik dago, benetan kezkatzeko modukoak asko; ni atzo entzundako bati buruz ariko naiz orain.
Mehatxu harroputza bezain arriskutsu bat egin zuten: protesta gisa laneko baja hartuko dutela egun batzuetan (igoal zait berriro istiluak aurreikusten diren astea izan edo beste edozein egunetan izan).
Arriskutsua diot arrazoi askorengatik:
1.- Laneko baja ez du ertzainak hartzen (ez ertzainak, ez beste inork), medikuak ematen du osasunerako komenigarriena dela ikusten duenean. Ez dute ba buruan izango medikuei mehatxua egitea laneko baja emateko ezta? Beste aukera bat medikua engainatzea, honek suposatzen duenarekin (pazientea ez fidatzeko pertsona dela garbi uztea eta bien arteko, nire ustez, ezinbesteko den konfiantza zapuztea).
2.- Laneko baja langileek lortutako eskubide bat da, eta esango nuke garaipen itzela izan zela. Lanera ezin joan osasun-arazo batengatik eta soldata kobratu ahal izatea, orain guztiz normala iruditzen zaiguna (kontuz!, azkeneko urteetan hau murrizteko izaten ari diren ahaleginak gero eta ugariagoak dira), izugarrizko onerako aldaketa izango zen gure arbasoentzat.
3.- Tresna hau modu desegokian erabiltzea beti iruditu zait jarrera berekoia gutxienez. Langilegoaren borrokan ibilitakoei burla egin eta orain benetan laneko baja behar dutenentzako (eta beste edozein zerbitzu publikoa erabili edo laguntza soziala jasotzen duten hiritar guztientzako) mespretxua.
4.- Lan-baldintzekin konforme ez, eta protesta egiteko erabiltzea, erabilera desegokia izatetik aparte, nahiko jarrera koldarra ere iruditzen zait. Protesta egiteko badaude beste moduak, begira bestela hainbat eta hainbat langile, gaur egun eta gure historian, ze nolako borrokak egin/egiten dituzten protestatu eta langileentzat hobekuntzak lortzeko. Laneko bajan ezkutatu gabe, aurpegia emanez. Ausartak izanez, ez koldarkerietan ibiliz. Gastu pertsonalak eta kolektiboak onartuz, ez tranpa eginez, soldata lasai asko kobratuz, jendartea engainatuz....
Ez ditut konpartitzen entzundako erreklamazio batzuk. Ziur nago, beste batzuetan kointziditzen dugula. Baina legitimitate guztia galtzen du, horrelako tranpekin ibiltzen denak. Jende honetaz ez naiz fio".