Juan Luis Ibarra epaileak EAEko Auzitegi Nagusiaren presidente kargua hartu du gaur, Fernando Ruiz Piñeiro ordezkatuz. Kargu-hartzearen ekitaldian izan dira Jaurlaritzako buruak: Patxi Lopez lehendakaria, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua eta Idoia Mendia bozeramailea. Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidentea ere han zen. Espainiako auzitegietako goi karguak ere izan dira, azken urteotan Juan Jose Ibarretxeren gobernuaren eta EAEko Auzitegi Nagusiaren artean izan diren ika-miken garaia amaitu dutela erakutsiz.
Ibarrak kargua hartzerakoan salatu egin ditu iraganean bere kontra izandako hainbat jarrera. Ibarretxe lehendakari ohia, Patxi Lopez, Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidea eta beste politikari batzuk epaitu zituzten prozesu penalean "jasandako presioak ez ziren zilegi izan", haren arabera, eta espero du gauza bera ez gertatzea.
EAEko Auzitegi Nagusiko 77ko Salak Juan Luis Ibarra Ibarretxe auziko epaileen taldetik kendu zuen, defentsak jarritako errefusatze helegiteari erantzunez, 2008ko apirilean. Defentsaren arabera, Papeles de Ermua aldizkariko kontseilu editorialeko kide izateak Ibarraren inpartzialtasuna kolokan jartzen zuen, eta Ermuko Foroa izan zen, hain zuzen, Ibarretxeren eta gainerakoen kontra salaketa jarri zuena, Batasunarekin hitz egiteagatik.
Ibarrak (Sopela, Bizkaia, 1948) Espainiako Estatuarekin lotuta dauden hainbat kargu bete zituen Felipe Gonzalez Espainiako gobernuburuaren azken legealdian. Bizkaiko Auzitegitik ezagun zuen Juan Alberto Belloch Justizia ministroaren eskutik iritsi zen Ministerio hartara, idazkari moduan, eta zuzendaritza kargu bat bete zuen ondoren. Besteak beste, Espainiako Gobernuaren jarrera defenditu zuen Europako Ministroen Batzordean; tortura salaketak direla-eta Nazio Batuen Erakundeak egindako kritikei aurre egin behar izan zien behin baino gehiagotan.
JpD Demokraziarako Epaileak elkarte aurrerakoiaren sortzaileetakoa ere bada Ibarra. 1998an utzi zuen elkartea. Agur esateko gutunean, "bihotza sozialista" zuela zioen, baina kontserbadoreekin gusturago sentitzen dela aitortu zuen.
justizia
Juan Luis Ibarrak EAEko Auzitegi Nagusiaren presidentetza hartu du
'Ibarretxe auziko' epaileen taldetik kendu zuten defentsak eskatuta, 2008ko apirilean, Ermuko Foroko akusatzaileekin zuen harremanagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu