2002ko martxoaren 21ean ETAk hil zuen Juan Priede PSE-EEko zinegotzi ohia omendu zuten igande eguerdian Orion. Bertan izan ziren Gorka Landaburu kazetaria, Jesus Egiguren PSEko presidente ohia, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatua eta Odon Elorza Espainiako Kongresuko diputatua, besteak beste.
Iñaki Arriola PSEko Gipuzkoako buruak hartu zuen hitza, eta azpimarratu Priede "uste politikoei" jarraituz mugitzen zela. Gainera, uste du Priede "harro" legokeela bere alaba Anak aitaren lekukoa hartu duelako udalean; PSEren zinegotzi bakarra da Ana Priede Orioko Udalean.