Juan San Martin gaur goizaldean hil da, 83 urte zituela

Juan San Martin euskaltzain oso, idazle, itzultzaile eta historialaria gaur goizaldean hil da, 83 urte zituela. Eibarren (Gipuzkoa) jaio zen San Martin, 1922an, eta euskararen zein euskal kulturaren aldeko lanari lotuta ibili da beti. Besteak beste, euskal aldizkari askotan kolaboratu zuen, idazle gisa hainbat liburu plazaratu zituen, eta Salvador Espriu, Ghelgerode eta Bertolt Brechten lanak euskaratu zituen. 1964an euskaltzain oso izendatu zuten, eta idazkari ere izan zen hainbat urtez euskararen akademian. 1989-1994 bitartean EAEko Arartekoa izan zen. 1994tik 1995era, berriz, Europako Obudsman erakundeko buru. Hondarribian (Gipuzkoa) bizi zen azken urteetan. Hiletak bihar egingo dituzte, 19:00etan, Hondarribiko Andre Mariaren parrokian.

2005eko maiatzaren 30a
11:23
Entzun
1992ko ekainaren 23an Eibarren jaioa, Espainiako Gerrak14 urteko mutiko harrapatu zuen, eta ihesean ibili ostean, jaioterrira itzultzeko aukera izan zutenean, etxea suntsituta aurkitu zuten. Esku hutsik bizimodu berri bat abiatu behar izan zuten, eta tornero lanean hasi behar izan zuen. Egunez, beharrean, eta gauez eskolara joaten zen.

Soldadutza garaian piztu zitzaion euskaltzaletasuna, eta bere kasara euskaraz alfabetatzen hasi zen. Irakurtzea eta mendia zituen zaletasun, eta biak uztartu zituen: Eibarko Kirol Elkartearen buletinean eta Pyrenaica aldizkarian argitaratu zituen bere lehen lanak; aurrena gazteleraz, gerora euskaraz.

Poesia idazten ere hasi zen: Euzko Gogoan eta Olerti -n plazaratu zituen hainbat lan Otsalar goitizenarekin, eta erreferentzia handia izan zen 60ko hamarkadan euskal poesiagintzan.

Aurreneko liburua 1959an argitaratu zuen, Juan Antonio Mogelen bizitza eta obrari buruz. Hainbat arlo jorratzen dituzten liburuak argitaratu zituen harrezkero: morea, literatura, artea, etnologia, hizkuntza...

1957an euskaltzain urgazle izendatu zuten; 1964an euskaltzain oso, eta 1967tik 1978ra akademiako idazkari izan zen. Euskara batuaren bultzatzaile sutsua izan zen, eta 'h'-aren inguruan izan ziren eztabaidetan buru-belarri sartu zen Koldo Mitxelenak proposatzen zuen batasuna defendatzen.

1988an euskaltzainburuorde izendatu zuten, baina hurrengo urtean kargua utzi zuen EAEko Ararteko izendatu zutelako.

Euzko Gogoan eta Olerti -n ez ezik, Egan -en eta Jakin-en ere kolaboratu zuen. Liburu andana luzea utzi du.

Azken urteetan Hondarribian bizi izan da, eta gaixotasun luzearen ondoren, gaur goizaldean hil da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.