Ezker abertzalea. Antolakunde politiko berriaren aurkezpena

Judializatzearen mehatxupean

Espainiako Gobernuaren esku dago alderdi berria erregistratzeko eskaria onartzea edo horren kontra jo eta auzia Auzitegi Gorenera eramatea, azken erabakia epaileena izan dadin.

jokin sagarzazu
2011ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Ez du bide samurra izango. Ezker abertzaleak hesiz betetako bidea egin beharko du legeztatzeko. Espainiako Barne Ministerioko alderdien errolda da gainditu beharreko hesi nagusia; tramite horretan ikusiko zaio Espainiako Gobernuari alderdi berriarekin zer jarrera duen.

Ezker abertzaleak ez dituela legeztatzeko baldintzak betetzen nabarmendu dute orain arte Espainiako Gobernuko kideek. Alderdien Legearen ikuspegitik «orbanik gabeko» estatutu batzuk aurkeztea ez dela aski izango ohartarazi diote ezker abertzaleari. Hauteskundeetan parte hartu nahi badu ETArekiko lotura «hautsi» duela frogatu beharko du, «adierazpen eta jarrera argien bitartez». Orain arteko adierazpenetan, alderdi berriaren legeztatze prozesua judizializatzeko asmoa agertu du Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak. Prozesu hori aurrera eramateko zer argudio erabiliko dituen ikusteko dago.

Lehen erabakia Espainiako Gobernuarena da, berari baitagokio onartzea edo ez alderdi bat erregistratzeko eskaria. Alderdi berria «Batasunaren ordezkoa» dela uste badu alderdi berriaren erregistroa eragozten saiatuko dela adierazi du Justizia ministro Francisco Caamañok. Batasunaren eta alderdi berriaren balizko lotura frogatzeko asmoz, polizia txostenak eskatu ditu dagoeneko Espainiako Gobernuak.

Lehen une honetan, Barne Ministerioak ebatz lezake alderdi berriak legezko izateko betebehar guztiak betetzen dituela, baina azkenaldian adierazitakoaren arabera, erabakia auzitegien esku uztera joko du. Horren alde azaldu zen atzo bertan Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramailea. Erregistroa ez onartzea erabakiko balu, Barne Ministerioak Fiskaltzari txosten bat bidaliko lioke atzemandako irregulartasunak argudiatuta. Fiskaltzak, baina, legez kontrako zantzurik ez dagoela irizten badio, alderdiaren erregistroa onartzeko eskatuko dio Barne Ministerioari. Aldiz, zantzu horiek daudela uste badute, Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak inpugnazioa jarriko dete dagokion auzitegian. Legez kanpoko alderdi batekin lotutako auzia dela uste badute, Auzitegi Goreneko 61. salan jarriko dute inpugnazioa.

Alderdia «berria» izango da

Hala gertatu zen 2007ko udal eta foru hauteskundeetan aurkeztu asmo zuen ASB Abertzale Sozialisten Batasuna deituriko alderdiarekin. Barne Ministerioak ez zuen onartu inskripzioa, eta Fiskaltzara igorri zuen. Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak ASB Batasunaren ordezkotzat jo zuten, eta legez kanpo uzteko epaia betearazteko eskaera aurkeztu zuten. Alderdiaren hiru sustatzaileak — Marije Fullaondo, Joana Regeiro eta Marisa Alejandrak— Batasunarekin «ageriko harremanak izatea», alderdi berriaren izenak eta Batasunak «begi bistako antzekotasuna» izatea, bi alderdiek antzekotasun «organiko-funtzionala eta sinbolikoa» izatea —antolaketa bertsua eta barne organo bertsuak izatea—, eta Alderdien Legearen araberako «kontrazantzu nabarmenik» ez izatea argudiatu zuten Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak.

Abenduaren 27an Iruñean egindako agerraldi jendetsu batean antolakunde berria izango denaren zertzeladak eman zituen ezker abertzaleak. Antolaketari dagokionez, alderdi berri horrek autonomia osoarekin jardungo duela, «interferentzietatik eta inongo menpekotasun edo baldintzatzetik libre» eta antolakuntza «demokratikoa» izango duela nabarmendu zuen.

Era berean, alderdiaren estatutuek egungo legeria, Alderdien Legea barne, beteko dutela nabarmendu zuen. Helburu politikoak lortzeko «indarkeria erabiltzea edo erabiltzeko mehatxua errefusatu» egingo duela adierazi zuen. ASB legez kanpo utzi zuen Auzitegi Gorenaren epaiak, indarkeriarekiko jarrerari dagokionez, honako jurisprudentzia hau eman zuen alderdi berria legeztatu edo ez erabakitzeko orduan : «Eskatzen dena ez da bakarrik konpromiso bat bide demokratikoetatik jarduteko; kontua da, funtsean, ETAren indarkeria terrorista arbuiatzea ekintza politikorako tresna gisa».

Beste prozedurak

Auzitegietara iritsiz gero, baliteke alderdi berria hauteskundeetan ezin aurkeztea prozeduaren iraupenagatik. ASBren kasuan, hauteskunde kanpaina hasia zela eman zuen alderdia ez erregistratzeko ebazpena.

Barne Ministerioak alderdi berriaren erregistroa onartzen badu, hauteskunde deialdia egin eta 15. egunetik 21. egunera bitartean hauteskundeetarako zerrendak aurkeztu behar dituzte alderdiek, koalizioek edo hautesle elkarteekHauteskunde Batzorde Zentralean. Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuek zerrenda horiek inpugna ditzakete Auzitegi Gorenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.