Politika

Julian Eizmendi da Azpeitiko alkate berria, zentsura mozioari esker

EAJko zortzi zinegotziek eta EAko batek bozkatu dute hautagai jeltzalearen alde, eta Iñaki Errazkin kargutik kendu dute. Gutxiengoan gobernatuko du EAJk.

2009ko urtarrilaren 17a
15:33
Entzun
Iragarri bezala, alkate aldaketa gauzatu gaur Azpeitian (Gipuzkoa): Julian Eizmendik (EAJ) Iñaki Errazkinen (ezker abertzalea) lekua hartu du karguan, zentsura mozio bidez. Trantsiziotik hona behintzat, ez zen udaletxean halako gertaerarik izan. EAJk, dena den, gutxiengoan gobernatuko du. Eizmendi 2003tik 2007ra arte ere izan zen Azpeitiko alkate, eta hura izan zen duela bi urteko udal hauteskundeetan EAJko zerrendaburua -3.300 boto lortu zituen, denetatik gehien-.

Gaurko udalbatzarrean EAJko zortzi zinegotziek egin dute aldaketaren alde -Eizmendik barne-, eta EAtik, esan zuten bezala, Mikel Ibarzabal hautetsiak -beste zinegotziak, Manuel Unanuek, kontra bozkatu du-. Unanuek esan du EAko zuzendaritza nazionalak "agindu" diela Azpeitiko zinegotziei mozioa babesteko.

Juan Karlos Arellano Aralarreko zinegotzia abstenitu egin da, eta ezker abertzaleko seiek aurka bozkatu dute (Iñaki Errazkin, Xanet Esnaola, Arantxa Isart, Leire Ibarguren, Leire Lazkano eta Haizkurgi Uzinek). 12:23an bukatu da bozketa eta 12:24an izendatu du mahaiburuak Eizmendi alkate; Errazkinek eta biek bostekoa eman diote elkarri.

ETAk abenduaren 3an Inazio Uria enpresaburua Loiolan hil ondoren Errazkinen taldeak hilketa gaitzestu ez zuela-eta, EAJko zortzi zinegotziek eta EAko Ibarzabalek urtarrilaren 5ean sartu zuten zentsura mozioa udaletxean, eta gaur eztabaidatu dute, 12:00etatik. Ordu erdia iraun du, aretoa lepo zegoen, EAJren eta ezker abertzalearen aldekoek orroak bota eta kartelak erakutsi dituzte, eta batzarraren ondoren Ertzaintzak kargatu egin du plazan.

Mozioaren akordioko aurreneko bi puntuetan, Errazkin alkateak Uriaren hilketaren aurrean izandako jokaera "zentsuratu" dute, "behar adinako erantzunik eman ez zuelako", eta hura alkatetzatik "kentzea" eskatu dute. Ondoren egin dute bozketa, ezusterik gabe. Gehiengo osoa behar da halako mozioa aurrera ateratzeko eta eskuratu dute: bederatzi boto -Azpeitiko udaletxean hamazazpi ordezkari daude-. Botoa eman aurretik alderdietako ordezkariek hitz egin dute. Bukaeran, berriz, Errazkinek eta Eizmendik hartu dute hitza.

Udaletxeko idazkariak eta zinegotzien arteko zaharrenak eta gazteenak gidatu dute udalbatzarra -kasu honetan, Jose Urbistondok eta Nerea Aldaik hurrenez hurren; biak EAJkoak dira-.

2009ko aurrekontuak

Nahiz eta alkatetza lortu EAJk, ez du Udalean gehiengo osorik, zortzi ordezkari baitauzka. EAk abenduaren 20an jakinarazi zuen, zentsura mozioa babestu arren, ez dela EAJrekin udal gobernuan sartuko. Izan ere, bi alderdien artean azkeneko urteetan alde handiak daude, harremanak ere ez dira onak, eta horren isla izan zen EAk 2007ko ekainaren 16ko udalbatzarrean hartutako erabakia: EAE-ANVrekin eta Aralarrekin akordioa egin zuen, eta Errazkin jarri zen alkate. EAJ -lehen indarra-, oposiziora.

Udalak 2009ko aurrekontuak ez dauzka oraindik onartuak -Uriaren hilketaren ondorioek dena baldintzatu dute-, eta hori izango da EAJren lehen eginkizun nagusia. Beste alderdiek zer jarrera hartuko duten ikusi egin behar. Horietako baten babesa beharko du. "Ahal den babes handiena lortzen saiatuko gara", esan du Eizmendik.

Honek esan du San Sebastian festen ostean egingo dutela lehen udal adierazpena, eta ondoren jakinaraziko du zein izango diren udal batzordeetako arduradun berriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.