Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Galdera zuzena

Julio Soto

Betsolaria

2012ko urriaren 21a
00:00
Entzun
1. Nafarroatik ikusminez begiratzen diezu EAEko hauteskundeei? Zergatik?

2. Orain arte zerk erakarri du zure arreta eta zergatik?

3. Zure ustez, zeintzuk dira gakoak?

4. Zer espero duzu gertatzea?

5. Nafarroan ondoriorik izango al du?

1. Bai, ikusminez jarraitzen ari naiz hauteskundeak. Nafarroakoek eta Iparraldekoek bozkatu ezin badugu ere, Euskal Herrian izango diren hauteskundeak dira, eta denoi eragingo digute. Hortaz, gure hauteskundeak ere badira.

2. PPren kanpainak erakarri du nire arreta gehienbat. Lotsagarria izan da, bai telebistan egindako iragarkia, eta bai Basagoitiren jarrera ETB2ko eztabaidan. Mintegiri ETAren atentatua kondenatzeko ahaleginetan pasa zen bloke ekonomiko guztia. Independentziaren inguruko apokalipsiak ere eman dit arreta: Europatik kanpo geratuko garela, enpresek alde egingo dutela, pentsiorik gabe geldituko garela... eta horren inguruan esan duten guztia; oso kezkatuta daude gaiarekin.

3. Hiru gako nagusi daude. Batetik, ekonomia. Krisitik ateratzeko hainbat irtenbide proposatu dira, eta jendeak erabakiko du murrizketa sozial eta laboralekin jarraitu edo beste politika batzuk hartu. Bakegintza ere gakoa izango da, legealdi honetan eman beharko zaiolako konponbidea arazoari. Eta, azkenik, independentzia, independentziari zuzenean heltzeko ordua iritsi baita.

4. Inkestei begiratuz eta nire iritzi propioarekin alderatuz, EAJk eta EH Bilduk garaipenerako postuaren borrokan egongo dira, eta badirudi PSE atzean geratuko dela, eta are tarte handiagoarekin ere PP.

5. Hauteskundeek onerako zein txarrerako ondorioak izango dituzte Nafarroan. Gobernu berriak erabaki beharko du Nafarroarekin zer harreman izan, eta euskalgintza arloan ere zer jarrera hartuko duten erabaki beharko dute, diru laguntzei buruz. Beraz, gobernu berriak zuzeneko politiketan eragingo du, baina psikologikoki ere eragina izango du gure lurraldean. Jendeak ikusiko du gehiengo abertzale bat dagoela EAEn, eta, beraz, horrek lagundu dezake hemen, Nafarroan, olatu hori hartzen eta abertzaletasunak gora egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.