Justifikazio eta ordainagiririk ez zuten 28.700 euroren ordainketak egin zizkien Bidegi sozietate publikoak bi langileri, 2006 eta 2008 artean, Gipuzkoako Diputazioko ordezkariek gaur jakinarazi dutenez. Kontabilitatean ordainketak baino ez dira agertzen, ziurtagiririk gabe.
Bidegirentzat lanaldiaren %15ean eta errelebo kontratuarekin lanean ari zen langile bati egin zizkioten ordainketetako batzuk. Ia bi urtez, 2006an eta 2007an, hilero-hilero 800 euroren ordainketak egin zizkioten. "Batzuk" kontzeptua erabiltzen zuen ordainketak kitatzeko.
Guztira, langile horri 18.000 euro eman zizkion Bidegik, soldatatik aparte, eta zuritu gabe. Langileari kontratua bukatu zitzaion momentuan bukatu ziren ordainketa bereziak.
Gainerako 10.000 euroak beste langile batek jaso zituen, zuzendarietako batek, eta kasu horretan ere ez da arrazoia zuritzeko agiririk ordainketa guztientzat, diputazioko ordezkarien esanetan. Lekuz mugitzeagatik egiten zizkioten ordainketa horiek.
Maiztasun iraunkorra zuten ordainketa horiek ere: 2007an lau sarrera egin zizkion Bidegik, bakoitza 500 eurokoa; 2008an zortzi sarrera egin zizkion, bakoitza 1.000 eurokoa.
Ordainketa berezi horiek bukatu ziren, hain justu, Bidegik langile horri ibilgailu partikularra jarri zion momentuan.
Zapiak, bonboiak, iPadak eta 6.200 euroko bazkaria
Justifikatu gabeko ordainketa horietaz aparte, askotariko gastuen barruan bestelako ordainketa batzuk ere aurkitu dituela jakinarazi du diputazioak. Esaterako, oparitarako bi zapi erosi zituen Bidegik, bakoitza 250 euroko prezioan.
Adibide gehiago eman ditu Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Azpiegituretako diputatuak: aurreko Bidegiko presidente eta Azpiegituretako diputatu bati —ez dute izenik jakinarazi— opari bat erosi zioten Bidegiko langileek, diru publikoa erabiliz, diputatuak haurra izan zuenean.
Lau iPad ere erosi zituen Bidegik, horiek ere askotariko gastuetarako diru funtsa erabilita. Gailuetako bakoitzak 800 euroko balioa zuela azaldu dute diputazioko ordezkariek, zorroez aparte. Erosketa Bidegik berak egin zuen arren, diru publikoz, iPad horiek gaur egun ez daude Bidegiko tresneriaren artean.
Beste gastu bat ere nabarmendu dute diputazioko ordezkariek: 2011ko apirilean, Bidegik bazkari batera gonbidatu zituen 42 pertsona, eta diru publikoz ordaindu zuen faktura hura ere. "Gipuzkoako jatetxe on batean", egin zutela azaldu du Ugartek. 6.200 euroko kostua izan zuten otorduak eta edariek.
Garai hartan, hain justu, hauteskundeak egin baino bi hilabete eskas lehenago, 396 milioi euroko mailegu bat hitzartu eta sinatu zuten Bidegiko ordezkariek hamar banku pribaturekin —BBVA, Banco Santander, Caixa, Banco Sabadell-Guipuzcoano, Banesto, Banco Popular, Bankinter, Caja Navarra, Bankoa eta Novacaixagalicia—.
Bazkaria zergatik egin zuten ez dakite Bidegiko egungo ordezkariek. Baina, kontuan izanda bi hilabete lehenago, 2011ko otsailean, Zubietako errauste planta finantzatzeko beste mailegu bat sinatu zutela diputazioko ordezkariek, eta bazkaria eta afaria diru publikoz (2.680 euro) ordaindu zutela orduan, susmoa dute mailegua sinatu izana ospatzeko egin zutela bazkari hau ere.
Aintzane Oiarbide EAJko batzarkideak erantzun dio Ugarteri. Esan dio inolako deliturik sumatu baldin balu auzitara jo behar lukeela diputazioak. Susmoak baino ez dituela aurkeztu aurpegiratu dio diputatuari.
Oiarbidek auzitan jarri du diputazioak zergatik egin duen orain auditoria bat, kontu epaitegien "erakunde paraleloak" antolatu nahian ari ote den galdetu dio Ugarteri: "Irregulartasunak baldin badaude, joan epaitegietara, eta utzi show-ak".
Fakturen kutxa, biltegian
Diputazioko kideak urte hasieran jabetu ziren Bidegiren egoitzan kutxa batean zeuden fakturak desagertu egin zirela. Bidegiren aurreko kudeatzaileei eta EAJko ordezkariei galdegin zieten kutxa haren berririk ba ote zuten, burofax baten bidez.
EAJko Gipuzkoako buruek presazko prentsaurreko bat eman zuten, salatzeko Bilduko kideek "jazarpen estrategia" bat zutela jeltzaleen kontra. Fakturak beti bere lekuan egon zirela esan zuten. Kutxa, hain justu, egun haietan agertu zen, baina ez berez egon behar zuen lekuan, Bidegiren biltegietako batean baizik.
Fakturak desagertzea "irregularra" zela eta diputazioaren betebeharra haiek ikertzea zela erantzun zion diputazioak EAJri. "Kutxa hau ibili egiten da", esan du gaur Ugartek. Fakturak berriro agertu zirenez, haiek aztertu ostean, aurkitu zutenaren berri emango zuela esan zuen diputatuak.
Hiru hilabete pasa eman dituzte faktura horiek aztertzen, eta Ugartek berak eskatuta eman ditu azalpenak, gaur goizean, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Bide Azpiegituretako Batzordean.
Hiru hilabete horietan, ika-mikak izan dira Bilduko eta EAJko ordezkarien artean, gai honen harira. Eta bestelako salaketak ere agertu dira: Martin Garitano ahaldun nagusiak salatu zuen, esaterako, Bidegiko ordenagailuen saretik informazioa ezabatzen aritu zirela kanpotik. Katty Nevado Bidegiko oraingo zuzendari nagusiak, berriz, ordenagailu batzuetara sartzeko gakoak eta bideak ez zituela ere jakinarazi zuten orduan.