Espetxeak

Justizia «errestauratiboa eta antipunitiboa» oinarri dituen espetxe eredua proposatu du Salhaketak

Espetxe eskumenaren helburu nagusiak Basauri, Martutene eta Zaballako kartzelak ixtea izan behar du, elkartearen aburuz.      

Zaballako kartzela (Iruña Oka, Araba). JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
edurne begiristain
2021eko ekainaren 28a
12:54
Entzun

Datorren urriaren 1ean Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeen kudeaketari lotutako eskumena, eta Arabako Salhaketa elkarteak espetxe ereduari buruzko proposamen bat landu du manifestu batean. Eusko Jaurlaritzak proposatu duen euskal espetxe eredu berriarekin oso kritiko azaldu da elkartea, eta haren ordez justizia «errestauratibo eta antipunitiboa» oinarri dituen eredu bat proposatu du. Elkarteak iragarri du datozen hilabeteetan eragile sozialei, sindikalei eta politikoei aurkeztuko diela dokumentua, eta irailean bestelako justizia eredu baten alde mobilizatuko dela.

Salhaketaren ustez, espetxe eskumenaren helburu nagusienak izan beharko luke egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan irekita dauden hiru kartzelak ixtea– Basauri, Martutene eta Zaballa–. Ordea, salatu du Zubietako espetxe berriaren eraikuntzan eta funtzionamenduan diru publikoa inbertitzea kontrako norabidean doala. Elkarteak uste du «bestelako justizia eredu bat» sustatu behar dela administrazioetatik. «Gaur egungo justizia zigortzaile, klasista, hetero-patriarkala eta arrazistaren ordez, justizia errestauratibo, antipunitibo eta gizarte orientazioa duen eredu baten alde lan egin behar da», azaldu du Cesar Manzanos elkarteko arduradunak. Haren esanetan, Eusko Jaurlaritzak ez badu erabateko aldaketarik planteatzen delituaren aurkako prebentzio eta borroka ereduan; hala arau hausteei erantzuteko neurrietan, nola biktimizatutako pertsonei erreparazioa emateko neurrietan, egun indarrean den eredu bera errepikatuko du.

Elkartearen iritziz, ezinbestekoa da egungo makro kartzela eta espetxe zaharkituen ordez tamaina txikiko gizarteratze zentro espezifikoak jartzea. Halaber, droga mendekotasunak edota buruko gaitzak dituztenak artatzeko programa espezializatuak eratzea eta espetxez kanpoko ospitale unitateetan zerbitzu soziosanitarioak sortzea proposatu du. Horrez gain, Salhaketak uste du pertsona guztiei oinarrizko errenta bat bermatuz gero, «pobreziaren delinkuentzia» saihestuko litzatekeela, eta bide horretan ezinbestekoa dela espetxetik irtetean gizarteratzeko eta lanerako laguntza programak sustatzea.

Zigor arloan behatoki independente bat sortzea ere proposatu du elkarteak. Nazioarteko gomendioak aintzat harturik abiatuko litzateke, espetxeen eredu itxiak bertan behera utzita eta gizarte politiken bitartez programa soziosanitarioak, sozio-laboralak eta komunitate lanak sustatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.