'CABACAS AUZIA'

Justizia eskatu dute Iñigo Cabacas zenaren senide eta lagunek, hura hil eta zortzi hilabetera

200 pertsona inguruk hartu dute parte. Haren omenez eginiko 'Zu lagun' izeneko abestiaren bideoklipa aurkeztu dute ekitaldian. Bideoa: Kantaren bideoklipa. [Youtube]http://youtu.be/2vlbzpuYo3I[/Youtube]

2012ko abenduaren 10a
17:32
Entzun

Iñigo Cabacas zenaren senide eta lagunek justizia egiteko eskatu zuten atzo eguerdian, hura hil eta zortzi hilabetera. Bost minutuko isilunea gorde zuten Cabacas hil zuten tabernaren atarian, Bilboko Indautxu auzoan, eta ohartarazi zuten apirilaren 5eko gertakariak ez zirela istripu bat izan.

"Justizia eskatzen jarraitzen dugu, eta galdegin nahi dugu Iñigo zauritu zuten pertsonak epaituak izan daitezen", esan zuten Cabacas zenaren senide eta lagunek, elkarretaratzean irakurritako ohar baten bidez. Gainera, azaldu zuten gizarteak ezin duela "beste alde batera begiratu".

Hilabeteak "luze" egiten ari zaizkiela adierazi zuten, baina gaineratu dute egun hartako oldarraldiaren arduradunak nortzuk izan ziren jakiteko "zain" jarraitzen dutela. Halaber, orduan Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu zen Rodolfo Aresi gezurretan aritzea egotzi zioten.

Ekitaldia amaitzeko, Jare musika taldeak Cabacas zenaren omenez egindako Zu lagun kantaren bideoklipa aurkeztu zuten.

Athleticek Europako Ligako partida bat jokatu zuen apirilaren 5ean. Ertzaintza oldartu eta pilotakada batek buruan jota hil zen Cabacas, zauritu eta lau egunera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.