PPk Espainiako Kongresuan lege proposamen bat onartu du justizia unibertsalaren abaroan auzibide gehiago ez irekitzeko, Egun Espainiako Auzitegi Nazionalean abiatutako hainbat auzibide, bide horretan, gerarazi egingo ditu, esaterako, Ignazio Ellakuria jesuitaren hilketari lotutakoa. Jose Couso argazkilariaren hilketa, eta Tibet, Guatemala, Sahara eta Ruandako genozidioak ikertzeko auzibideak ere aski ezagunak dira.
Epaileei atzerrian jazotako krimenak —giza eskubideen urraketa larrietarako erabiltzen da— ikertzeko eta epaitzeko aukera ematen die justizia unibertsalak, baina PPren aburuz, moldatu egin behar da hori Espainian: murriztu. Oposizioak gogor kritikatu du proposamena: «Lotsagarria». «Umiliagarria». «Konstituzioaren kontrakoa». Denek, gainera, gobernua korrika eta presaka ari dela salatu dute, aholkurik eskatu gabe; aldaketa handia bada ere, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari txostenik eskatu ere ez zaiola egin esan dute. Txinako Gobernuak ondoeza azaldu du Tibeteko ikerketaren harira, eta haren esanetara makurtzea egotzi diete PPko agintariei.