'Berrueta auzia'

“Justiziak neurri ezberdinak aplikatzen ditu”, Iruñeko Donibane auzoko bizilagunek salatu dutenez

Anjel Berrueta hil zuen poliziaren emazte Pilar Rubio aske uzteko arrazoiak jakinarazi ditu gaur Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, eta haren arabera, ez dago frogatzerik Rubiok senarrari Berrueta hiltzeko proposatu zionik. Iruñeko Donibane auzoko bizilagunek Berrueta familiarekin bat egin dute, eta Rubio “persona non grata” izendatu. Herritarren arabera, “agerian geratu da justiziak neurri ezberdinak aplikatzen dituela”. Datorren larunbatean manifestazioa egingo dute erabakia salatzeko.

2005eko abenduaren 14a
17:41
Entzun
Nafarroako Justizia Epaitegi Nagusiak gaur eman du Pilar Rubio aske uzteko arrazoien berri, eta oharraren arabera, “zinpekoen epaimahaiak emandako arrazoietan ez dago frogatzerik akusatuak Anjel Berrueta hiltzea proposatu zuela”, eta azpimarratzen du epaimahaiaren arrazoiak ez dituela aldatu. Iruñeko Donibane auzoko bizilagunek, berriz, salatu dute auzitegiak fiskalak emandako arrazoiak aintzat hartu dituela eta zinpeko epaimahaiak egindako txostena aldatu. “Herri epaileak zigortu eta fiskalak esandakoari kasu eginez atzera egin du. Justiziak neurri ezberdinak aplikatzen ditu. Zer gertatuko litzateke gertaerak alderantziz izango balira?”. Herritarrek “esku beltza” ikusten dute erabakiaren atzean, eta “kezkaturik” daude bide beretik joan daitezkeelako Valeriano de la Peña eta Miguel Jose de la Peña kondenatuen kasuak. “Zenbat urte egingo dituzte espetxean?”.

Pilar Rubio “mespretxatu” egingo dute bizilagunek, eta Berrueta familiarekin bat eginez, “persona non grata” izendatu dute. Diotenez, Rubio auzoan egoteak arazo asko sortuko ditu. Auzitegiaren erabakia salatzeko manifestaziora deitu dute 59 dendak, 14 tabernak eta 11 taldek. Datorren larunbatean 20:30ean irtengo da Iruñeko Golem zinema aretoetatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.