Kultura

Kafe Antzokiaren edukiera handitzea ahalbidetzeko eskatu dio oposizioak Bilboko Udalari

Udaleko Babes Zibileko teknikarien esanetan, hirigintza ordenantza bat dela-eta ezin zaio Kafe Antzokiari edukiera handitzeko lanetarako baimena eman. Antzokia eta beste areto batzuen egoera legeztatzeko, ordenantza hori alda dezala eskatu dio oposizioak Iñaki Azkuna alkateari.

2009ko urtarrilaren 22a
17:26
Entzun
Bilboko Kafe Antzokiaren edukiera handitzea ahalbidetzeko eskatu dio gaur oposizioak Bilboko alkate Iñaki Azkunari (EAJkoa). Aretoak hilabete batez itxita egoteko agindua du, bere edukiera (420 lagunekoa) gainditzen zuela argudiatuta. Bilboko Udalak beste areto eta diskoteka batzuk itxi ditu arrazoi beragatik, hala nola Mau-Mau eta Congreso. Espainiako kode bati jarraituz zarratu ditu areto horiek, eta hirian sortutako polemikaren eta kazetarien presioaren ondorioz auzia azaltzeko prentsaurrekoa eman dute gaur Udaleko Babes Zibileko teknikariek.

Kafe Antzokiko arduradunek asteotan azaldu dute legeak baimentzen dien edukiera edo aforoa gaindi daitekeela, "baimendutako 420 lagunak baino askoz ere jende gehiago sar daitekeela inolako segurtasun arrisku barik". Egunotan Babes Zibileko iturriek adierazi dute beste azterketa bat eginez gero edukiera hori molda daitekeela, beharrezkoa den obra eginda (beste irteera bat), lege irizpideak bete ahal izateko.

Alabaina, gaurko prentsaurrekoan Babes Zibileko teknikariek esan dute obra hori eginda ere ez lukeela Kafe Antzokiak lege irizpidea erabat beteko. Izan ere, azaldu dutenez, Bilboko Udalak daukan hirigintza ordenantza bati jarraiki, 200 metroko ingurunean ezin dira edukiera eta maila bereko areto bat baino gehiago egon. Kafe Antzokiaren edukiera handituko balute, bere maila ere igo beharko litzateke, eta inguruan jadanik badaude 420 lagunetik gorako edukiera ofiziala duten beste areto batzuk.

Hori hala, polemika areagotu da. Oposizioko alderdiek, baita PPk eta PSEk ere Azkuna alkateari eskatu diote Hirigintza ordenantza hori alda dezala.

Kafe Antzokiko arduradunak, kezkatuta

Kafe Antzokiko arduradunentzat, egoera "larria" da, Xabier Monasterio ordezkariak Berria-ko kazetari Irune Berrori adierazi dionez. Haren berbetan, orain arteko 420 laguneko gehienezko edukiera ofiziala errespetatu behar badute, aretoaren jarduera ez da errentagarria izango. Kafe Antzokiak bere burua finantzatzen du, eta edukiera ofiziala handitzerik ez balu, aurrerantzean koloka egongo litzateke bere etorkizuna, "ez hainbeste hilabeteko itxieragatik, errentagarria izango ez litzatekeelako baizik".

Bizilagunek ez dute inolako kexa edo salaketarik jarri Antzokiaren aurka; aitzitik, Udala izan da aretoa hilabete itxita egotera behartu duena, baimendutako edukiera gainditzen zuela argudiatuta.

Euskaltzaleen artean kezka eta haserrea dago, baita aisialdirako beste aretoetako jabe eta bezeroen artean ere. Hainbat ordezkarik Plataforma Bilbao Ocio Nocturno (Bilbo Gaueko Aisialdia Plataforma) sortu dute, areto horiek berriro ireki ditzaten eta edukiera handitu ahal izateko beharrezkoak diren lege aldaketak egiteko eskatzeko.

Gaurko prentsaurrekoa ez da Udalaren ekimenez egin, kazetariek eta aretoetako arduradunek asteotan Udaletxera informazio eta azalpen eske aritu direlako baizik, Berrok adierazi duenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.