Kalamu elkarteak arautzeko udal arautegi baten proposamena aurkeztu zuen Donostiako udal gobernuak. Harrera ona izan du proposamenak kalamu elkarteetan. Horren erakusgarri, Euskadiko Kalamu Erabiltzaile Elkarteen Federazioko presidente Iker Valek gaur esan du "oso positiboa" dela arautegia. Udal gobernua zoriondu du, eta nabarmendu du arautegiak "zeharka" elkarteen lana aitortzen duela. "Elkarteentzat erantzukizun gonbidapen bat da, eta irizpideak ezartzen ditu gutxiengo baldintza batzuk betetzeko".
Federazioko abokatu Aitor Brionek adierazi du arautegia "aurrerapausoa" dela. Datozen asteetan, Donostiako Udaleko oposizioko taldeek zuzenketak egiteko aukera izango dute. "Erantzukizunez" jokatzeko eskatu die Brionek. "Eztabaida normal-normal egitea espero dugu". Gogorarazi du Eusko Legebiltzarrean adostasuna dagoela alderdi politikoen artean. "Legebiltzarreko lanarekin gustura gaude".
Donostian kalamu kontsumitzaileen 21 elkarte daude. Ez dago lokal bat ere ikastetxeetatik gertu. Valek azaldu du arautegia onartzen bada "egokitzapen epe bat" egongo dela. "Edonola ere, etorkizunean sor daitezkeen elkarteentzat arautegia oso baliagarria izan daiteke".
Hainbat erakunderekin "praktika onen" gida bat ari da lantzen kontsumitzaile elkarteen federazioa. "Araudi gehigarri bat izango da, elkarte orok bete dezan".