Martin Barriuso. Elkarte Kanabikoen Federazioko presidentea

«Kalamuaren erabateko normalizazio soziala eta legala eskatzen dugu»

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jon olano
2012ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Urteak daramatza Martin Barriuso Elkarte Kanabikoen Federazioko presidenteak (Bilbo, 1965) kalamua arautzearen alde lanean. «Eszeptizismoz» jaso zuen Jaurlaritzaren asmoa, baina lasaiago dago Eusko Legebiltzarreko talde politiko guztiek elkarteen egoera arautzearen alde egin dutenetik.

Zer espero duzue egitekotan diren Droga Menpekotasunen Legetik?

Berez, ez du gauza handirik esango. Esparru bat jarriko du, gerora araudi bat garatzeko. Horretarako, Eusko Legebiltzarrak sortuko duen batzordea egongo da, hor eztabaidatuko baita lege horretan ezarritako printzipioetan oinarritutako araudi garatuago bat. Itxaropena dugu gure betiko aldarrikapenak entzunak izango direla eta segurtasun juridikoa lortuko dugula. Azken batean, hori da nahasmen horren xedea: legearen mugak zehatz-mehatz ezagutzea.

Hortaz, elkarteen egoera juridikoa argitzea da aldarrikapen nagusia.

Planteamendu orokor bat daukagu kalamuaren inguruan: erabateko normalizazio soziala eta legala eskatzen dugu; beste edozein droga edo sendabelarren erabiltzaileren maila berean jartzea, eskubide batzuk aitortuta izatea eta esparru legala ere egotea. Teorian, kontsumoa eta kontsumo pertsonalerako egiten den guztia zigorgabetuta dago, baina inork ez du zehaztu zeintzuk diren muga horiek. Beste aldarrikapen batzuk, berriz, Eusko Legebiltzarrak arautu dezakeena baino harago doaz: Zigor Kodearen eta Herritarren Segurtasunerako Espainiako Legearen aldaketa ez dago Eusko Legebiltzarraren esku.

Sarekadak amaituko al dira?

Badaezpadako ikerketak egitea da asmoa, legearen mugak errespetatzen ari garela ziurtatzeko, eta esku hartze traumatikorik gabe, gauzak ongi egiten ari garela bermatzeko. EAEkoa da egitasmo hau; Fiskaltza, ordea, estatukoa da. Orain PP dago agintean, eta ez dakigu egitasmoa errespetatuko duen.

Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiek onartu dute elkarteak arautzea. Eztabaidan parte hartzeko deia jaso al duzue?

Agerraldi bat egin genuen 2010eko azaroan Eusko Legebiltzarrean, eta han gogorarazi genuen hainbat aldarrikapen betetzeko zain gaudela; landaketaren eta elkarteen alorrean, adibidez. Egitasmoa horren ondorio da; guk eskari batzuk egin genituen, talde batzuek aintzakotzat izan dituzte eta, azkenean, aho batez onartu dute elkarteak hutsune legal handian daudela. Hori pauso handia da. Horren ondotik, batzordearen aurrean hitz egin behar dutenak izendatu behar dira, eta horien artean gu egotea espero dugu. Gu gara proposamen zehatza egin zuen taldea, eta zuzenean eragiten digu arauak.

Jaurlaritzak aditzera eman zuen kalamuaren kontsumoa arautuko zuela. Zuzendu, eta arauak soilik elkarteei eragingo diela argitu zuen. Zer iritzi diozu Jaurlaritzaren jarrerari?

Jaurlaritzak luzaroan ez dio kasu handirik egin gaiari. Erabakigarriak izan dira Pannagh elkartearen kontrako polizia operazioa eta hori gertatu baino bi aste lehenago Arartekoak aurkeztutako txostena. Hasieran ez zuen ondo azaldu zer egin nahi zuen, eta, horregatik, askok ulertu zuten Jaurlaritzak legeztatze orokorra egin nahi zuela. Egoera aldrebes honetan aitzindaria izan daitekeen araudi bat egin nahi du Jaurlaritzak. Jabetu da denbora gutxi geratzen zaiola, eta gai honekin aukera ikusi du zer edo zer egiteko. Gu pozik gaude, Jaurlaritza eta Eusko Legebiltzarra batera joan direlako eta hori oso seinale ona delako. Eusko Legebiltzarrak aho batez arauketa onartzeak bermatzen digu Jaurlaritza aldatzen bada ere gauzak ez direla okertuko.

Egitasmoa aurrera aterako dela sinestea zaila egiten zaizuela diozue. Zeri diozue beldur?

Eszeptizismoa azaldu genuen Jaurlaritzaren lehenengo hitzekin. Gero, bermeak eman zizkigun, egitasmoa serioa zela eta aurrera zihoala, eta Eusko Legebiltzarraren erreakzioa ikusi genuen, talde guztien adostasunarekin. Guztiarekin, asko lasaitu gara. Ez dakigu Espainiako Gobernuak eta Fiskaltzak zein jarrera izango duten, baina EAEko PPk arautzearen alde bozkatu izanak lasaitasuna ematen digu.

Ez zaudete Holandan ezarritako ereduaren alde. Kalamua kontsumitzeko zein eredu nahi duzue?

Kalamuarentzat oraingo merkatu beltzaren ordez merkatu kapitalista ezartzea ez da ona; egungo ekonomiak eta haren arauek kapitalisten eta dirudunen aldeko sistema bat osatzen dute, ez produktoreak eta ez kontsumitzaileak ez daudelako babestuta sistema horretan. Irabazi asmorik gabeko elkarteetan oinarritutako sistema baten alde gaude, landaketa pertsonala bermatzeko eta landatu nahi ez dutenentzat elkarteen aukera ziurtatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.