«Debekatzera jo ordez, logikoena da bidea segurtatzea jendeak arduraz joka dezan, informazioari eta hezkuntzari esker». Kalamuari buruzko araudietan filosofia aldaketa iragarri zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo sailburu Rafael Bengoak. 2012ko hasieran aurkeztuko duen Mendekotasunen Legeak aurrera eginez gero, marihuana landatzea, salerostea eta kontsumitzeari buruzko araudi berria egongo da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Testuak ez ditu baliogabetuko zigorrak, baina «pertsonen autonomiari espazio jakin bat» utziko dio.
EAEko Mendekotasunen VI. Plana onartuko du gaur Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak, eta horren barruan garatuko da legea. Hainbat mendekotasuni buruz jardungo da —jokoa, Internet, sare sozialak...—, baina kalamuaren alorrean espero dira berritasunik handienak. Ildo horretan, «lege hutsuneak betetzeaz» mintzatu da Jesus Maria Fernandez Osasun sailburuordea: «Gizartean sendotuta dauden jokaerak debekatzea baino hobea da ordenatzea. Besterik gabe debekatu egiten duten legeek klandestinitatea, delinkuentzia eta merkatu beltza sustatzen dutela frogatuta dago».
Hartara, kalamuaren salerosketa eta kontsumoa debekatzeko irizpideetatik urrunduko da legea, baina horrek ez du esan nahi zigorrak desagertuko direnik. Izan ere, Espainiako Zigor Kodean daude ezarrita, eta Jaurlaritzak ez du horren gaineko eskumenik.
Horren ordez, pertsonen autonomiaren alde egin nahi du Jaurlaritzak, eta adindunei marihuana landatzeko, salerosteko eta kontsumitzeko aukera emango die, datorren urtean legea aurkeztean argituko diren baldintzen arabera. Halere, jokabide «arduratsuak» bultzatze aldera, Fernandezek nabarmendu du «marihuana kontsumoaren ondorioei buruzko informazio osoa» eman beharko zaiela herritarrei. Araudia, gainera, pertsonen osasunerako eskubidearekiko «erabateko errespetuarekin» uztartuko da.
Hala, kalamuaren kontsumo ludiko zein terapeutikoaren aldeko elkarteek urteetan zehar aldarrikatu dutenarekin bat dator legea, neurri batean behintzat. Hain justu, Pannagh elkarteko presidente Martin Barriuso eta beste bi kideren atxiloketatik hilabetera iragarri du legea Jaurlaritzak.
Tabakoa, zorrotzago?
Tabakoari buruzko arau berririk ere sar dezake Jaurlaritzak Mendekotasunen Legearen barruan. Espainiako Gobernuak tabakoaren aurkako lege berria onartu zuela urtebete pasatu ez den arren, «urrats bat gehiago» egiteko aukera plazaratu du berriro Rafael Bengoak: erretzea debekatzen saiatuko da espazio itxi pribatu batzuetan —autoa, esaterako—, baita egurats zabaleko kirol jarduerak hartzen dituzten klubetan ere.
Dena den, emaitza onak eman ditu Tabakoaren aurkako Legeak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako tabernetan ez da zigorrik jarri, nahiz eta 277 salaketa jaso eta 60 ohartarazpen gutun bidali diren. Hori dela eta, tabakoaren kontrako borroka «irabazita» dagoela esan du Bengoak. Aldiz, alkoholaren aurkakoak «beste lege esparru bat» eskatzen duela azaldu du. Izan ere, sailburua kezkatuta dago, lehen mozkorraldiaren adina 13-14 urtera jaitsi delako, eta gazteen kontsumoa «normalizatu» egin delako.
Kalamuaren salerosketa eta «kontsumo arduratsua» arautu nahi ditu Jaurlaritzak
Zigorrak ez dira desagertuko, baina pertsonen autonomia kontuan hartuko du Osasun Sailak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu