Kalapita bat ikusi eta gero tiro egin zuela aitortu du Baionako erasotzaileak

Igandean hil bat eta hiru zauritu eragin zituen tiroketaren zergatia oraindik ez dela argi dio prokuradoreak

Erasoaldia gertatu zen ikuztegia Baiona iparraldeko Caradoc auzoan dago. GAIZKA IROZ.
Eneko Etxegarai Urain.
Baiona
2011ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Igandean Baiona iparraldean gertatu tiroketaz, eragin hilaz eta bi zaurituez azalpenak eman zituen atzo arratsaldean Anne Kayanakis prokuradoreak. Erasoa bere gain hartu duen gizona, 63 urteko baionarra,gaur pasatzekoa da epailearen aitzinetik. Orain arte Poliziari eman bertsioa azaldu zuen prokuradoreak, eta nabarmendu oraindik lekuko batzuk entzutekoak dituztela eta gizonaren azterketa psikiatrikoak ere egitekoa dutela. «Erokeriak bultzaturik izan dela erratea axolagabekeria litzateke, dauden elementuak ikusita. Hori espezialistek aztertu beharko dute», prokuradorearen ustez. Baieztatu zuen gizonezkoak aitortu duela berak egin zuela tiro eta guztiz bere gain hartzen duela. Prokuradoreak dioenez, gizonak erran die etxeko leihotik ikuztegi ondoanharentzat kalapita baten itxura zuen eszena bat ikusi zuela, bi edo hiru pertsona eta haur batekin zen emazte baten artean. «Baina esplikazio horiek ez dira oraindik biziki argiak».

Dibortziatua, aspaldi bakarrik bizi zen atxilotua Caradoc auzoan, erasoaldia gertatu zen tokian. Ez zen Poliziaren partetik ezta Justiziarenetik ere ezagutua. Horrez gain, ez diote inoiz arazo psikologikorik diagnostikatu. Ehiztari ohia zen, eta erasorako erabili armak ehizatzeko beharrezkoak diren paper baimenak bazituen eskura.

Oraindik argitzekoa dute nahigabeko homizidio bat izan denala aldez aurretik hiltzeko asmoarekin egin hilketa bat: «Arma baten bidez eragindako heriotza denez, eta, gainera, aurrez pentsatua bada, orduan erailketa da». Oraindik ikertzen ari dira. Oraindik erietxean diren bi biktima entzun behar dituzte. Haien arteko tentsiorik bazegoen ere aztertu beharra dute, hil egin den pertsonaz gain erasoko guztiak auzokideak direlako.

Mementoko ez dute lekukorik erasotzaileak aipatutako kalapita hori baieztatu duenik. 14:00ak aldera izan zen gertaera. Orain arte dauden elementuen arabera, mozkorturik etxetik bi kolpeko eta hiru kartutxoz kargaturiko ehizako eskopetarekin atera zen, eta zuzenean ikuztegira hurbildu. Bidean bere auzokidea zen emazte bati eskopetarekin mehatxu egin zion, tiro egin gabe. Ikuztegian sartu orduko tiro egiten hasi zen. Lehen tiroa Frantziako Var eskualdeko 25 urteko mutil bati bota zion. Mutila Frantziako armadaren lehen RPIMA unitate bereziko militarra zen.Tiroa sabelean jaso zuen eta gibela serioski hunkitu zion. Hortik bi ordura hil zen, Baionako ospitalean. Bigarren tiroa 31 urteko baionar bati bota zion, betiere sabelean. Nahiz eta larriki zauritua izan gaurko egunean bere bizitza ez dela arriskuan jakinarazi dute erietxetik. Hirugarren tiroa 28 urteko gizon bati jo zion, eta zauriak eragin begi ezkerrean, bizkarrean eta izterretan. Hark, zaurituta ere, erasotzaileari arma kentzea lortu zuen, eta lurrera bota zuen, sorospen zerbitzuek eta poliziak atxilotzera etorri arte.

Ikuztegian beste bi pertsona zeuden, 31 urteko beste gizon bat eta 4 urteko haur bat; begian zauritua denaren haurra, hain zuzen. 31 urteko gizonak haurrarekin ihes egitera lortu zuen. Haurrak eta gizon horrek psikologikoki kolpe handia jaso dute, eta biktimen laguntza espezializatuen zerbitzuak artatzen ari dira. Kalapita horretan erasotzailea bera zauritua izan zen, eta pare bat ordu pasatu zituen erietxean polizia etxera eramana izan aitzin. Bertan alkoholemia probak egin zizkioten, eta 1,96 miligramo alkohol topatu zioten arnastutako aire litroko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.