Azken egunetan izandako kale eraso, atxiloketa eta epaiak salatu ditu ezker abertzaleak. Gisa horretako ekintza eta erabakiek ez dutela egungo agertoki politikoan lekurik adierazi du, eta «indarkeriazko gatazka eta eskubide urraketa ororen amaiera» exijitu du.
Komunikabideetara igorritako ohar batean, Espainiako eta Frantziako gobernuen «errepresio eta blokeo» jarrera kritikatu du ezker abertzaleak. «Aro politiko berri honetan, Madrilen eta Parisen erantzunak berbera izaten jarraitzen du; errepresio neurri gehiago, blokeo gehiago». Asteburuan izandako atxiloketak —ustezko hiru etakide Frantzian eta Ekaitz Samaniego Gasteizen— eta Espainiako Auzitegi Nazionalak herenegun Oiartzualdeko sei gazteri ezarritakoespetxe zigorra jarri du adibide gisa ezker abertzaleak.
Ohar berean, herenegun gauean Bilboko Errekalde auzoan izandako kale erasoa aipatu du ezker abertzaleak. Gisa horretako gertakariak bere estrategiarekin «bateraezinak» direla, «lekuz kanpo» daudela eta Espainiako eta Frantziako estatuen «jarrera immobilista indartu» baino ez dutela egiten azpimarratu du. «Jardun errepresiboa eta atzokoaren [herenegungoaren] moduko gertaerak lekuz kanpo daude erabat», adierazi du.
Herenegun gauean Efe berri agentziak zabaldu zuenez, aurpegia estalia zuten hamar pertsonatik gorako talde batek hainbat zaborrontzi erre zituen Bilboko Errekalde auzoan. Asteburuan izandako atxiloketak salatzeko egindako manifestazio baten ostean izan zen kale erasoa, Poliziaren iturriak aipatuz berri agentzi horrek azaldu duenez.
«Gertakari bakana»
Gertakariak erreakzio soka luzea ekarri zuen atzo. Kale erasoa gaitzesteko eskatu zion Bilboko udaleko PPren udal taldeak Bilduri, eta hark, aurretik ezker abertzaleak egin bezala, gisa horretako gertakariak «Bilduren apustu politikotik kanpo» daudela erantzun zuen.
Prentsa ohar batean, Bizkaiko hiriburuko Bilduren udal taldeak kritikatu egin du PPren jarrera, eta «gertatutakoa handitzeko interes politikoa» dagoela nabarmendu du. Herenegun jazotako kale erasoa «ekintza bakana» izan dela uste du gainera.
Ohar horretan, Bilduk ere Espainiako eta Frantziako estatuen jarrera salatu du. «Madrilek eta Parisek ez dute gatazka termino demokratikoetan gainditzeko inolako aurrerapausorik eman», esan du, eta «militantzia politikoagatik» zigortutako Oiartzualdeko sei gazteen kasua eta euskal presoen egoera gogoratu ditu.
Halaber, gatazka politikoa «bortizkeriarik gabeko baldintza demokratikoetan konpontzeko» lanean herritar asko ari direla nabarmendu du, eta bide horretan jarraitzeko deia egin dio bai euskal gizarteari eta bai Espainiako Gobernuari eta PPri.
EAk eta Aralarrek ere hizpide izan dute herenegun gaueko gertakaria. Pello Urizar EAko idazkari nagusiaren arabera, «irakurketa politikoa eman nahi izan zaion gertakari bakan bat izan da».
Josu Murgia Aralarreko Bizkaiko koordinatzaileak, berriz, azpimarratu du jokabide horiek ez dutela bat egiten Gernikako Akordioan jasotzen denarekin, «eta Madrildik datozen tesi immobilistak» indartzen dituztela.
Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak, berriz, uste du «salbuespen bat» izan dela gertakaria: «hori bai, adierazgarria». «ETAren ingurunea ez da homogeneoa, eta gisa horretako jokamoldeak ez dira egun batetik bestera amaituko. Espero dut anekdota bat izatea: sail baten amaiera», adierazi du Pastorrek.
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako eledunak ere aipatu du Bilboko gertakaria, Gobernu Kontseiluaren bileraren ostean eginiko agerraldian. Errekaldeko auzoan izandako «kale indarkeria» gaitzetsi egin du Mendiak, eta adierazi du espero duela mota horretako gertakariak berriro ez gertatzea.
Urkullu Madrilera begira
EAJren EBBko presidente Iñigo Urkulluk, berriz, otsailean Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuarekin izango duen bilera izan du hizpide RNE irratian eginiko elkarrizketa batean. Horren harira, adierazi du «itxaropena» baduela Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroaren lanarekin.
Asteburuko atxiloketen inguruan, berriz, Urkulluk uste du indarkeriaren amaiera onartu ez duten «elementu bakan batzuk» egon daitezkeela. «Hala ere, ezker abertzaleak badaki asko duela jokoan», esan du.
Kale erasoak eta errepresioa lekuz kanpo daudela dio ezker abertzaleak
Euskal gizarteak indarkeriazko ekintza eta eskubide urraketa ororen amaiera eskatu duela nabarmendu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu