EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK

Kaleak zeharkatzeari ekin diote hautagaiek

Hauteskunde kanpainetan ibiltzen dira gehien kalean hautagaiak, eta halaxe hasi dira aurreneko egunetik. EH Bilduk herriz herri ibiliko den Bildubusa aurkeztu du; Iñiko Urkullu Arantzazun izan da; eta Pili Zabala, berriz, Bilbon, Erriberako azokan. PPk eta PSE-EEk ekitaldi bana egin dute Gasteizen.

2016ko irailaren 9a
08:16
Entzun

Autobusak, furgonetak, mitinak, hautagaiak herritarrekin... ohiko irudiak izaten dira hauteskunde kanpainetan, eta halaxe hasi da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako kanpaina ere. Atzo arratsaldeko mitinen ostean, herritarrengana gerturatzeko ahalegina egin dute gaur hautagaiek. 

Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaia Arantzazun izan da, esate baterako; Etxerat-eko kideengana gerturatu da, eta haiekin hitz egin du. Horren aurretik, Forum Europa-Tribuna Euskadiren gosarian egon da, eta, han, hitzeman du datorren legegintzaldian 8.500 milioi jarriko dituela ekonomiaren hazkunderako eta langabezia apaltzeko. Izan ere, lehentasun nagusia "ekonomikoki haztea eta lana sortzea" direla uste du.

EH Bilduk Bildubusa aurkeztu du, eta, Jasone Agirre Bizkaiko zerrendaburuak azaldu duenez, "kalea hobeto ezagutzeko eta herritarrei proiektua aurkezteko bulego ibiltaria da". Kanpainan herriz herri biliko dela iragarri dute.

Elkarrekin Podemoseko hautagai Pili Zabalak ere herritarrengana gerturatzeko ahalegina egin du. Bilboko Erriberako azokan izan da, eta, han, esan du "EAJk oasi gisara saldu nahi duen arren Euskadi prekarizatuta" dagoela, eta horri konpobidea emateko "guztien artean" lan egin behar dela.

Hain justu Elkarrekin Podemosi mintzatu zaio Idoia Mendia PSE-EEren hautagaia, eta eskatu dio beren proposamena zein den aurkezteko. PSEk ekitaldi bat egin du legebiltzarraren aurrean, Gasteizen, eta, han, zortzi konpromisoren berri eman du: haietako aurrena, lanpostuak sortzea.

PPk ere Gasteizen egin du aurreneko eguneko ekitaldia. "Nazionalisten alternatiba izan nahi dutenentzat proiektu irekia" dutela iragarri du han Alfonso Alonsok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.