Sorian, sorterritik 270 kilometrora egin ditu Joxean Etxeberriak azken urteak. 18/98 sumarioaren auziko Enpresak atalean zigortu zuten, eta hamabi urteko kartzela zigorra ezarri zioten. 11 urte eta hiru hilabete egin ditu kartzelan, Galizian lehenik eta Sorian ondoren. Tentsioz beteriko urteak izan direla aitortu dio BERRIAri kalera irten berritan eskainitako elkarrizketan.
"Aurtengo maiatzean hogei urte beteko dira hau guztia hasi zela, eta tarte horretan ezer gutxi aldatu da Espainiaren jarrera. Mendeku politika egiten jarraitzen dute". Horiek hala, hilaren 13an Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia egin du Etxeberriak, "herriaren indarrarekin soilik aldatuko delako presoen egoera".
Goizeko zortziak pasatxo zirenean irten da espetxetik, eta bertan zituen zain senide eta lagunak. Herrian, Oiartzunen, arratsaldeko 18:00etan egingo diote harrera.
Bera zen makrosumario gisa izendatutakoan auzipetutako azken presoa. Izan ere, abendu amaieran irten zen kartzelatik Txema Matanzas abokatua, hamar ureko zigorra beteta.
Iaz geratu zen aske Nekane Txapartegi ere, delitua preskribatutzat eman ostean. Sei urte eta bederatzi hilabeteko zigorra ezarri zion asteasuarrari Espainiako Auzitegi Nazionalak, "ETArekin kolaboratzeagatik". Ordea, Txapartegik ihes egin zuen atxilotua izan baino lehen.
Orotara, 38 lagun zigortu zituzten auzi horretan: hamabina Orain eta Ekin ataletan, zortzi Enpresak atalean eta zazpi Xakin. Zigortutakoen artean izan ziren, besteak beste, Jose Luis Elkoro, Jexux Mari Zalakain eta Teresa Toda.
Kartzelatik atera berritan, Zalakainek BERRIAri aitortu zionez, auzia hasterako ohartuak ziren kartzelan amaituko zutela. Toda, berriz, 2013ko azaroan irten zen, sei urteko zigorra beteta; hark ahots altuan esan zuen askok sentitzen zutena: "Auziak utzi duen arrasto pertsonala, kazetaritzari eginiko kaltea eta politikoa ez dira konponduko".
Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta egin zuten auziko operazioa, 1998ko uztailaren 15ean, Egin egunkaria eta Egin irratia itxi eta hainbat lagun atzemanda, eta handik zazpi urtera hasi zen epaiketa. 2009an eman zuen behin betiko epaia Gorenak.