Azkenean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak onartu du mendira oinez ibiltzera joatea kirol jardueratzat hartuko dutela, eta, hortaz, etxetik kilometro bat urruntzea posible izango da mendira joateko. Herritarrek gogotsu hartu dute kalerako bidea, argazki bilduma honetan ikus litekeenez.
Hurrengo urratsei begira ere ari dira asko. Astelehenean denda eta negozio txiki batzuek berriro lanean hasi ahal izango dute, eta garbiketa lanetan aritu dira horietako asko. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak aurreratu du maskarak derrigorrezkoak izango direla etzitik aurrera garraio publikoan. Alarma egoera beste bi astez luzatu nahi du (maiatzaren 9ko gauerdian bukatzen da) eta babesak kolokan hasi zaizkio, baina "B planik" ez dagoela adierazi du gaur. Konfinamendua arintzeko planaren oinarri nagusia probintziak izatea defenditu du ostera.
Osakidetza ere fase berrian sartzeko prest dago. Nekane Murga Osasun sailburuak gaur eguerdian jakinarazi du 40 kirofano gehiago irekiko dituztela datorren astean, eta pixkanka kontsultak eta jarduera ohikoa berreskuratzen hasiko direla osasun zentroetan. Pandemiaren eragina nabarmen jaisten ari dela adierazi du, baina arreta ez galtzeko ere eskatu du. Gaur kalean leku jakin batzuetan jende pilaketak ikusi direlako galdetu diote, eta erantzun du instituzio publikoek egingo dituztela bere balorazioak eta lanak, baina herritarrek ere baloratu behar dutela, eta arriskua gutxitzeko neurriak hartu behar dituztela.
Datuen bilakaerari dagokionez, heriotza kopurua jaisten ari da azkeneko egunetan. Azkeneko 24 orduetan 11 zenbatu dituzte. Positibo berrien kopurua ere apaldu da (213) eta adierazle gehienak onbideratzen ari dira pixkanaka, nola ospitaleetako okupazioa, hala zainketa intentsiboetakoa. Hala ere, kasuak 100.000 biztanleko kalkulatuz gero, munduko daturik altuenetakoak izaten jarraitzen du Euskal Herriak.
Osasun arloko langileen artean %5 inguru kutsatu direla jakinarazi dute gaur Hego Euskal Herriko administrazioek. Osakidetzak 35.000 langile inguru ditu, eta 19.000 PCR test eta 19.000 test azkar inguru egin ditu; aurkitu dute langileen %5 inguru kutsatu direla orain arte. Osasunbideak, berriz, 15.000 langile ditu, eta horien artetik 800 bat kutsatu ditu koronabirusak /%5,4).
Bizkaiko zahar etxeetan gaitza izaten ari den eraginaren datuak ere jakinarazi ditu gaur Bizkaiko Foru Aldundiak: krisia hasi zenetik, 247 egoiliar hil dira, eta beste 30 antzeko sintomekin hil dira, baina ez dute baieztatu COVID-19a zutela. Aldundiak duela hilabete eman zuen datu ofiziala azkeneko aldiz, nahiz eta martxo erdialdean Unai Rementeria ahaldun nagusiak ere datua eman zuen. Horiekin ezagututa, zahar etxeetan guztira hil diren egoiliarren datua jakin liteke: 759 dira (nafarroako azken datua apirilaren 29koa da); koronabirusaren eraginez hil diren guztien %42.
Datuak.Koronabirusaren azken datuak.
Mapa.Koronabirusaren hedapena herriz herri eta osasun eremuka.
Honek ere merezi du:
Itxialdiaren aje fisikoak. Hilabete eta erdi baino gehiago luzatu da konfinamendua, eta gorputz asko hasi dira kexuka: lo egiteko zailtasunak, azaleko arazoak, azkura begietan, giharretako minak... Zenbait aditurekin hitz egin du BERRIAk, eta aholku sorta bat bildu du erreportaje honetan.
Eraso matxistak ugaritzen. Ipar Euskal Herrian, %60 emendatu da eraso matxistengatik Poliziak jasotako telefono deien kopurua. Ez hainbeste, baina salaketek ere gora egin dute, %10. Elkartasun sare bat sortu dute, egoera bortitzen menpe dauden emakumeei laguntzeko.