Prentsaurrekoa eman du dinamikak, eta, deialdia egiteaz gain, Kepa del Hoyo omendu dute.
Eskatu dute eragile guztien artean "bide orri komun eta egoki bat" osatzeko, helburu eta premiak "ondo finkatuz", bakearen bidean "lan asko" dagoelako egiteko. Plangintza "integral" bat osatu behar dela adierazi dute, preso gaixoak, adinekoak eta zigor luzeak bete dituztenak etxeratu eta sakabanaketa bukatzeko.
Prentsaurrekoan agertu direnek nabarmendu dute guztiei dagokiela presoen auzia konpontzea, eta arduraz jokatzeko deia egin diete haiei guztiei. Hastear den urte politikoan beren agendetan gaia jartzeko eskatu die eragile politiko, sozial eta sindikalei.
Bide orri hori osatzeko prest dagoela jakinarazi zuen Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) ere, joan zen larunbatean BERRIAn kaleratutako oharrean.
Halaber, Kalera kalera ekimeneko kideek adierazi dute heldu dela ordua "aurreko fasea modu iraunkor eta egokian ixteko", eta horretan jarriko dituztela ahalegin guztiak.
Igande honetan ere manifestazioa egingo dute Donostian. Sara Majarenas euskal presoa eta haren alaba Izar Euskal Herrira gerturatzeko eskatuko dute igande honetan, 13:30ean Bulebarretik abiatuta. Sara Izarrekin Etxera plataformak eta hainbat irakasleek egin dute manifestaziorako deia. Izan ere, Izar Intxaurrondoko ikastolan dago matrikulatuta, eta irailaren 7an hasten da ikasturtea. Ordurako biak Donostian egotea eskatzen dute.