Murrizketak. Aireportuen ordutegiak

Kaleratzeak zehazteke, orduak urritu dituzte aireportuetan

Forondako aireportua soilik gauez dago erabilgarri atzotik, eta Noainen aurreratu egin dute hegazkinak lurreratzeko mugaNeurriak nola eragingo dien jakin gabe segitzen dute langileek, sindikatuen arabera

Forondako aireportuari eragingo dio, batez ere, neurriak. Soilik gauez egongo da erabilgarri, 20:30etik 08:30era. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jon olano
2012ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Urtean 500.000 bidaiari baino gutxiago jasotzen dituzten aireportuetako ordutegia murriztuko zuela iragarri zuen ekainean Espainiako Sustapen Ministerioak, eta atzo sartu ziren indarrean ordutegi berriak. Euskal Herrian bi aireporturi eragin die neurriak: Forondakoari (Araba) eta Noaingoari (Nafarroa). Hondarribira ere (Gipuzkoa) 500.000 bidaiari baino gutxiago doaz urtean, baina 24 orduz zabalik ez dagoenez, atzotik indarrean den mozketak ez dio eragingo. Ordutegiak aldatu bai, baina horrek kaleratzeetan nola eragingo duen jakin gabe daude oraindik langileak, sindikatuek ohartarazi dutenez.

Forondan, erdira jaitsi dute aireportua zabalik egoteko ordutegia. 24H kalifikazioa zeukan herenegun arte, egun osoan erabilgarri egoteko. Atzotik, ordea, hamabi orduz baino ez dago martxan: 20:30etik 08:30era, astegunetan bakarrik. Hegazkinak gauez lurreratu ahal izango dira soilik, bi salbuespenekin: astebeteko aurrerapenarekin abisatzen duten charter hegaldiena —ordutegi erregularra ez duten hegaldiak— eta trasplanteak egiteko organoak garraiatzekoena. Azken horiek erabateko askatasuna izango dute lurreratzeko, eta baita lehentasuna ere.

Noaingo aireportuaren ordutegi murrizketa ez da Forondakoa adinakoa izango. 23:30era aurreratu dute hegazkinak lurreratzeko muga —lehen 23:50 arte irits zitezkeen—; asteburuetarako kategoria ere jaitsi diote: 10:00etatik 16:30era izango da zabalik larunbatetan, eta 11:00etatik 15:00etara igandeetan.

Hegaldien ordutegia mugatu zuten atzo, baina, oraingoz, ez da aldaketarik izan Noaingo eta Forondako aireportuetako langileen lan orduetan. Beharginek ez dakite, ordea, aldaketa horrek noiz eta nola eragingo dien, eta ezjakintasun horrek sortzen die kezka. Ezinegona nagusitu da, langileen ordezkarien esanetan.

Forondan, 102 langile egozteko plan bat egin zuen hasieran AENA Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazioak, baina, gaur-gaurkoz, ez dakite hori den behin betiko kopurua, ezta noiz hasiko diren jendea kaleratzen ere. Horrela azaldu du egoera David Solas CCOO sindikatuko Forondako aireportuko ordezkariak: «Hilabete bat daramagu itxaroten, ezer jakin gabe. Zer gertatuko den argi esatea nahi dugu; ezin gara horrela egon, ziurtasunik eza eta antsietate egoerak sortu direlako».

Hala ere, uste du kaleratu beharrekoen kalkulua ez dela «errealista», ez dituztelako aintzat hartu zenbait departamentu, ezta Helitt konpainiak Forondarako hegaldiak hasteko duen asmoa ere. «Baina ezarri berri duten ordutegia mantentzen badute, argi dago langile asko kaleratuko dituztela». Solasek espero du irailaren 6an argitzea zer gertatuko den lanpostuekin; egun horretan batzartuko dira sindikatuak Espainiako Gobernuarekin.

Noainen ez dute kaleratuak izan daitezkeen langileen kopuruaren daturik, baina beharginen 40% eta 50% artean izango dira kaleratuak. Hori uste du Noaingo aireportuko langile batzordeko presidente Gorka Lurek (LAB). Zalantzak nabarmendu ditu hark ere: «Badakigu langileak botako dituztela, baina ez dakigu zenbat; jendea kezkatuta dago». Kaleratzerik ez dela egongo esan zuen AENAk, erretiro aurreratuekin eta leku aldaketekin urrituko zuela langile kopurua. Lurek ez du hori sinesten: «Lekualdaketekin, 500.000 bidaiari baino gehiago dituzten aireportuetara igorri nahi gaituzte, baina Forondan eta Noainen jarraituko ez duten langile guztiek Loiun lan egiteko eskatzen badugu, Loiuk ezingo ditu denak bere gain hartu».

Bi ordezkariek uste dute Espainiako Sustapen Ministerioak ez duela diru askorik aurreztuko Forondako eta Noaingo aireportuetako gastuak murriztuta. Lure: «Noainen, duela gutxi, pista luzatu eta terminala handitu dute, tamaina handiagoko hegazkinak sartzeko. Inbertsioak egin dira, eta hori da aireportuek duten gasturik handiena, ez langileak». Bat dator Solas: «Arazoa da politikari guztiek aireportu bat nahi izan dutela, eta ikusi da hori ez dela posible». Areago, biek uste dute neurriak mesede baino kalte gehiago egingo diela aireportuei. «Hegazkinik ailegatzen ez den orduetan itxi nahi ditu aireportuak, baina, ordu horietan itxiz gero, hegazkin bat sartzeko aukera ere mugatzen dute», esan du Lurek. Solasek, berriz: «Ez dakigu honek, luzera, aireportua erabat ixtea eragingo duen, baina ziur gaude hazteko aukera kendu diola».

Konpainiei, «oztopoak»

Ordutegi berritik kanpo lurreratzeagatik enpresei ezarriko dizkieten zigorrak aipatu dituzte, bi aireportuen jardunak behera egingo duela argudiatzeko. Adibide bat jarri du Lurek: 23:30era aurreratu dute ixteko ordua, baina abioi bat beranduago iristen da. Hegazkin hori hainbat lekutatik igarotzen da Iruñera ailegatzerako. Hortaz, geldialdiren batean atzeratzen bada, ordutegiz kanpo ailegatuko da Noainera. Pagatu beharreko tasaren hirukoitza ordainaraziko diote ordutegiz kanpo lurreratu nahi badu, eta horrek eragingo du ozta-ozta iristen den hegaldi horrek tasa izugarriak ordaindu behar izatea eta, azken baten, errentagarria izango ez denez, Iruñera ez joateko erabakia hartzea. «Etorri nahi duten aire konpainiei oztopoak jartzen dizkiete ordutegi mozketarekin, eta desagertzera kondenatzen ditu aireportuak».

Protesta ugari egin dituzte asteotan Forondako eta Noaingo aireportuetan lanean dihardutenek. Lau egunez, ordubeteko lan etenaldiak egin dituzte Noainen asteon. Gutxieneko zerbitzuez kexatu da Lure: «Gutxieneko zerbitzuekin bermatu dute hegazkin guztiak normaltasunez aritzea, eta, hortaz, guztiok etena egiten badugu ere, ez du inolako eraginik». Oihartzuna izan eta «Madrili, nolabait, presioa» egiteko asmoz egin dituzte etenaldiak. Forondakoak ere sarri mobilizatu dira udan zehar, orain arteko ordutegiari eusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.