Kaletik paperera, eta ekintzetara

Mugimendu feministak berdintasun politiken bultzadan egindako lana aintzat hartu dute egunotan Bilbon. Idatzizko konpromisoak nola mantendu eta gauzatu eztabaidatzeko nazioarteko biltzarra egin du Emakundek.

400 lagunetik gora bildu dira Euskalduna Jauregian, berdintasun politika publikoei buruz hausnartzeko. EMAKUNDE.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Argazki «historikoa» erakutsi dute El Salvadorreko bi feministek: Parlamentuko bozketak biltzen dituen pantailan argi berdeak baino ez dira ageri. 75 baiezkorekin, aurkako botorik eta abstentziorik gabe onartu zuten emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko legea. «Urtarrilean sartu zen indarrean, eta ordutik diputatu bat botatzea lortu dugu, bikotekidea jo zuelako; eta beste bat auzibidean dugu», iragarri du Lorena Peña Mendoza parlamentariak. NBEren Emakumeak Sailak herrialde horretan duen ordezkari Roxana Delgadok erantsi du diputatua egotzi eta hurrengo egunean larrialdietako telefonoa «kolapsatu» egin zela, tratu txarrak salatu nahi zituzten andreen deiekin: «Politikek funtzionatzen dutela ikusten dugunean, baliabideak erabili egiten ditugu».

Asteon Bilbon aztergai izan dituzten berdintasun politiken ereduetako bat baino ez da. 400 lagunek hartu dute parte Emakundek antolatutako nazioarteko biltzarrean. Feminismo instituzionalaren eta sozialaren arteko harremana ozpintzen ari den honetan, bien lotura aldarrikatzeko abagunea izan da Euskalduna jauregia. «Zalantza barik, berdintasun politikek emakumeen mugimenduen aldarrikapenetan dute jatorria», adierazi du Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak. «Berdintasun politikak gureak dira», aldarrikatu du Rosa Escapak, Andreen Europar Lobbyko Espainiako koordinatzaileak; «Agenda politikoan sartzea lortu dugula islatzen dute».

Emakumeen aurkako indarkeria molde guztiak desagerrarazteko CEDAW hitzarmenak jarri zuen politika horien lehen harria 1979an, eta 1995ean Pekinen egindako emakumeei buruzko nazioarteko laugarren biltzarra eman zien behin betiko bultzada. Ordutik, gutunak idatzi dira, akordioak lortu, estrategiak abiatu... «Gure eskakizunak araudien arlora eraman ditugu», laburtu du Escapak. Ohartarazi du, halere, asko geratzen dela egiteko: «Eskubideek ez dute ezertarako balio ezin baditugu erabili».

Jardunaldiotan agerian geratu baita berdintasun politika batzuek ez dutela parekidetasuna helburu. Europako Batasuneko Enplegu Estrategia jarri du adibide Paola Villa Trentoko Unibertsitateko (Italia) Ekonomia irakasleak. Andreak lan merkatuan txertatzea lehentasunezkotzat jo zuten 1998 eta 2002 artean diseinatutako politikek. «Europa zahartzen ari zenez, ongizate estatuaren iraunkortasunari buruzko dudak agertu ziren. Konponbidea populazio aktiboa igotzea zen, emakumeen enpleguaren bidez. Eraginkortasun ekonomikoa zuten xede, eta ez justizia soziala».

Bizitza pribatua eta lana bateratzeko neurriak sustatzeko lehen urratsak egin ziren orduan. Aukera berdintasun eta zeharkakotasun kontzeptuak erabili zituzten planak izendatzean, eta helburu zehatzak ere ezarri zituzten: andrazkoen enplegua %60ra igotzea, hiru urtetik beherako haurrak zaintzeko zerbitzuak %33ra areagotuz. Gaur egun, ez da horretako ezer geratzen. «Generoaren alorrean ez dago inolako gomendiorik», salatu du Villak; «Haien kezka bakarra umeen zaintza denez, lanaldi partziala sustatzeaz mintzatzen dira, baina sexuaren araberako lan banaketa edota soldaten aldea ez dituzte aipatzen».

Andreak, ahotsik gabe

Baina zer gertatu da bidean, kontzeptu eta helburu haiek desagertzeko? «Emakumeek ez dute ahotsik», erantzun du. Berdintasun politiketan Europa atzerantz doala berretsi du, «andrazkoak erabakitzeko ahalmena duten postuetan mantentzeko gai izan ez garelako».

«Patriarkatuaren masan, zirrikitu batzuetatik pasatu gara», onartu du, ildo horretan, Marcela Lagarde antropologo mexikarrak. Sorterrian feminizidioaren aurka onartutako legeak ere ez du andreen egoera hobetzerik lortu: «Legea onartu genuenetik, emakume gehiago hiltzen dituzte. Gobernatzeko modu bortitz eta patriarkalak gizonen arteko indarkeria izugarria eragin du: armadakoek, poliziakoek, mafietakoek, karteletakoek... elkar hiltzen dute, eta bidean andrazkoak ere bai». Egia gordinetik, irakaspena: «Legeekin soilik ez da nahikoa, baina legerik gabe ez dugu gaitasunik bestela nola litzatekeen ikusteko».

Baikor jarraitzera deia egin du, halere, Lagardek, bilkura ixteko hitzaldian: «Askotan galdu ditugu eskubideak, baina berreskuratu egiten ditugu, eta hobetu». Feminismoa atzerapausoei aurre egiteko tresna dela aldarrikatu du, «emakumeek modernitateari inoiz egindako ekarpen politikorik garrantzitsuena» delakoan. Lortutakoaz jabetu besterik ez dago, lortu beharrekora heltzeko: «Oraindik erakundeak aldatu behar ditugu, eta guk sorturikoak indartu. Beraz, feminismoa ahalmendu dezagun: feminismoak eraikitakoa, bere erakundeak, bere praktika politikoak ahalmendu ditzagun, eta eraiki dezagun gure lana aintzat hartuko duen kultura bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.