«Egin dezaketen gauza bakarra kalamuaren kontsumoa legeztatzearen alde egitea da, eta horri buruzko eztabaida sustatzea». Ohar hori egin die kalamu erabiltzaileen gizarte klubei Juan Kalparsorok, Euskal Autonomia Erkidegoko fiskalburuak. Kalamua landatzea eta saltzea debekatua dutela nabarmendu du. «Delitu bat egiten arituko lirateke». Kalparsorok azaldu du Arabako eta Bizkaiko hainbat klub ikertzen ari direla horregatik.
Eusko Legebiltzarrak martxoan adostu zuen kalamu elkarteen jarduna arautzea. Alderdi guztiek onartu zuten Elkarte Kanabikoen Federazioak egindako eskaria. Xedea da elkarte horiei zeinbertako kideei babes juridikoa ematea. Horretarako lanean ari da Eusko Legebiltzarreko batzorde bat. Iritziak biltzen ari da, eta horiekin txosten bat osatuko dute.
Batzordean agerraldia egin zuen atzo Kalparsorok. Fiskalburuak azaldutakoaren arabera,norbere kontsumorako kalamua landatzea ez da delitua. «Baina, betiere, kopuru txikitan egiten bada». Eusko Legebiltzarrak alor horretan ez duela eskumenik esan zuen Kalparsorok. «Duen eskumen bakarra kalamu erabiltzaileen klub edo erakundeen erregistroa da. Landatzea delitua den edo ez erabakitzea estatuari dagokio».
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuorde Miguel Buenek ere hitz egin zuen batzordean. Eskatu zien auzitegiei argitzeko klub horien jarduera legezkoa den edo ez. Buenek emandako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan halako 50 klub daude, eta 5.000 kontsumitzaile inguruk jotzen dute horietara. «Errealitate sozial bat da klub horien jarduna, eta legeak horretara egokitu behar badira, ahalik eta azkarren egokitu behar dira. Guk ordura arte egin dezakegun bakarra legea betetzea eta errespetatzea da. Argi dago kalamuaren kontsumo pribatua ez dela delitua, baina bai publikoki egitea».
Elkarte Kanabikoen Federazioak «historikotzat» jo zuen hasieratik Eusko Legebiltzarrak hartutako erabakia. Haatik, gogorarazi zuen batzordeak egingo duen txostenak errespetatu egin beharko duela Espainiako Zigor Kodea eta bazter utziko duela kontsumo orokorraren gaia. Kezka tuta daude horrekin; Martin Barriusok, federazioko presidenteak, kalamuaren kontsumoa baimentzearen aldeko pausoak ematearen beharra defendatu zuen. «Gure ustez, konpondu nahi dituenak baino arazo gehiago sortzen ditu kalamua debekatzeak». Gogorarazi zuen kalamuaren kontsumoa oso errotua dagoela, eta heziketan eta kontsumoari aurrea hartzean lan egitea proposatu zuen.
Kalparsorok berretsi du klubek ezin dutela kalamua landatu, ez eta saldu ere
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuorde Miguel Buenek argibideak eskatu dizkie auzitegiei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu