Denborale handiak astindu du bart goizaldean Euskal Herriko kostaldea, eta ekaitzaren ondorioak nozitzen ari dira itsasertzean.
Gipuzkoako kostaldean 9,5 metrokoak izan dira, batez beste, olatuak, EAEko Metereologia Zentroak agertu duenez, une batzuetan 11 metro iritsi badituzte ere. Goizeko zazpietan izan da unerik gogorrena, itsasgorarekin batera.
Donostian kalte eta arrasto nabarmenak utzi ditu denboraleak: olatu erraldoiek horma eta oztopo guztiak gainditu dituzte, eta Parte Zaharreraino sartu dira, denda, garaje eta lojak urez betez. Bretxako merkatua, esaterako, itxita dago, metro bateko altuera hartu baitu urak. Salamanca pasealekuan eta Soraluze kalean txikituta ageri dira zenbait auto. Kaian, berriz, metalezko barandila tolestuta utzi dute olatuek, eta bankuak bere lekutik aterata. Olatuek aise gainditu dute kai muturra, eta 50 ontzi hondoratu dituzte. Grosen eta Ondarreta inguruan ere nabarmenak dira enbataren arrastoak.
Gipuzkoako kostaldean, enbatak kalte handiak eragin ditu Zarautzen, batik bat, malekoian. Hango taberna eta bestelako egoitza eta saltokietan txikizio handiak egin dituzte olatuek. Halaber, Zarauztik Getarirako pasealekuan handiak dira kalteak.
Bizkaiko kostaldean 16 metroko olatuak izatera iritsi dira. Bermeon egin ditu kalterik handienetakoak denboraleak: olatu-hormaren beste zati bat hautsi du -joan den abenduan beste enbata batek apurtu zuen lehena-, eta, horrenbestez, 25 bat metro daude txikituta. Era berean, itsasontzi eta pantalanak amarretatik askatu ditu, eta hiru bat txalupa txiki hondoratu. Ibilgailu batzuk ere irauli ditu. Ondarroako portuan ere kalteak eragin ditu enbatak.
Bakion, berriz, errekak gainez egin du, eta ura sartu da hainbat etxetara. Hain zuzen ere, urak harrapatuta etxetik atera ezinda geratu den emakumezko bat erreskatatu behar izan du Ertzaintzak goizeko seiak inguruan; horma bat bota behar izan dute emakumea ateratzeko.
Lapurdin, Baionako portua itxi egin dute enbatagatik. Hendaiako zenbait lekutan txikizioak eragin dituzte olatuek, eta baita Donibane Lohizuneko talasatorerapia zentroan ere.
Ekaitza
Kalte handiak eragin ditu denboraleak
Batez beste, 9,5 metroko olatuak izan dira; 16 metro iritsi dituzte Bizkaiko kostaldean. Donostian txikizio handiak eragin ditu enbatak: Parte Zaharreko denda eta lojetara ura sartu da, hainbat ibilgailu txikitu ditu eta 50 bat ontzi txiki eta txalupa hondoratu. Baionako portua itxita dago. Kotaldeko beste hainbat lekutan ere handiak dira kalteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu