Bart goizaldeko suteak eragin dituen kalte materialak handiak diren arren, astelehenean beren jarduera gaitasunaren %75ean lanean arituko direla ziurtatu du Besaingo Indar enpresak ohar baten bidez.Halaber, enpresaren handitze planak ez dituela motelduko agertu du. Halaber, ahalik eta lasterren ehuneko ehunean hasteko modua aztertzen ari direla, eta helburu hori lortze aldera Beasaingo Udala, Usabiaga garabia enpresa eta Ford lan industrialerako egokitutako pabilioioak beren esku uzteko prest agertu direla.
03:45 aldera sortu da sutea, generadore elektrikoak, eolikoen motorrak eta bonba hidraulikoak egiten dituzten pabilioian, enpresaren eskuinaldeko sektorean, agi denez, pintaketa-kabinan. Hego haize biziaren laguntzaz eta pilatuta zegoen egurrezko enbalaje ugariaren ondorioz berehala zabaldu dira garrak pabilioi osora. Ondorioz, kalteak handiak dira: eolikoen pabilioia etabulegoen azken solairua kiskali egin ditu. Patxi Plazaola Beasaingo alkateak adierazi duenez, lantegiaren erdia suntsitu du -28.000 metro koadro ditu guztira, eta 12.000-14.000 metro koadro erre ditu-.
Gaueko txandan lanean ari ziren langileek Goierriko Hitza-ri ri adierazi diotenez eolikoen sekzioan sortu da sua 03:45ean. Lehen unean langileak eurak saiatu dira su-itzalgailuekin garrak amatatzen, baina indar handia hartu duelako lantokia utzi behar izan dute. "Eolikoen sektorean margo-kabinaren inguruan piztu da sutea. Berehala ikusi dugu ezin genuela guk ezer askorik egin, behetik gora gar handiak hasi baitira, eta larrialdi zerbitzuei deitu diegu. Azkar zabaldu da sua", zioen gaueko txandan lanean ari zen langile gazte batek goizaldean, goizeko erreleboan sartzekotan hurbildu diren langileen aurrean. Eolikoetan hiru errelebotan egiten dute lana, eta gauez 100 bat langilek egin ohi dute (denera 700 bat langile ditu). Ez da inor zauritu.
Indar enpresaren eskuin aldeko alderdia kiskali du suak. Pabilioi horretan generadore elektrikoak, haize-errotentzako motorrak eta bonba hidraulikoak egiten dituzte. Pintura sekzioa eta bernizatzeko gunea ere badira, lantegiko ordezkariek adierazi dutenez, material suharbera ugarirekin. Bestetik, ekoitzitako piezak bidaltzeko enbalaje gunea ere badago; bertan egiten dituzte egurrezko kaxak, eta lehengai asko zegoen, zurezko modeloekin batera. Bukatuta eta irteteko prest zeuden motorrak ere han zituzten bilduta. Pabilioia bi gune nagusitan dago banatuta, baina tartean ez dauka bereizteko hormarik. "Egundoko haizea zegoen, eta garrak 50 bat metroraino zabaltzen ziren", adierazi dute lehen ordu horietan sutea ikusi duten langileek.
Pabilioiaren barruan leherketa txikiak ere entzun dituzte kanporan bilduta zeuden langileek, soplete eta bestelako tresnen gas eta erregai bonbonek suarekin eztanda egitean, antza denez.
Suak pabilioia erabat kiskali du. Teilatutik alboko bulegoen eraikinera pasatu da, sarrera nagusia dagoen sektorera. Hirugarren solairua, azkenekoa, erabat suntsituta geratu da. Informatika eta pertsonal sailak eta bilera gelak daude oin horretan.
Ordiziako eta Tolosako suhiltzaile parkeetatik bost kamioi bertaratu dira. Indar zabaltzeko obretan ari den eraikitzaile-enpresaren kamioi-zisterna eta kale garbiketarako ur-tangadun kamioiak ere behar izan dira. Ketza handia zabaldu da lantegitik. Langileak aurreko aparkalekuan bildu dira, suhiltzaileek garrak itzaltzeko lanetan ziharduten bitartean.
Larrialdiko bilera langileek
Gaur 16:00etan larrialdiko batzar berezia egingo dute Beasaingo Antzizar kiroldegian, Indarreko langileen ordezkariek aparkalekuan bertan jakinarazi dutenez. "Orain zer kalte eragin duen ikusi beharko da, eta ea arratsalderako zerbait gehiago esateko moduan garen". Gaurko lanaldia bertan behera geratu da enpresa osoan, inor zauritu ez bada ere kalte materialak "izugarriak" izan direla aitortu baitu eolikoen sektoreko arduradun Alex Belaustegik. Enpresaren erdia-edo sugarretan galdutzat jo dute lehen balorazioen arabera.
Berriki hasi da Indar lantegiaren azpiegiturak handitzeko lanetan. Alboan lurrak mugitzen hasiak dira, hain zuzen eolikoen sektorea hazteko, gaur goizaldean suak suntsitu duen pabilioian egiten duten esparrurako.
Agintari askoren bisita
Goizean zehar agintari asko joan dira Indarren egoitzara, kalteak bertatik bertara ezagutu eta enpresari eta langileei elkartasuna adierazatera. Besteak beste, : Patxi Plazaola Beasaingo alkatea eta Aitor Aldasoro hirigintza zinegotzia, Olaberriko eta Lazkaoko alkateak, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Pello Gonzalez foru ogasuneko diputatua eta Ana Agirre Eusko Jaurlaritzaren Industria sailburua izan dira.
Sutea
Kalteak handiak diren arren, astelehenean beren jarduera gaitasunaren %75ean arituko direla ziurtatu du Indarrek
Bart goizaldean sutea piztu da Beasaingo (Gipuzkoa) enpresan, eta lantegiaren erdia (12.000-14.000 metro koadro) kiskali du. Gaueko txandako ehun bat langile zeuden sutea hasi denean, baina ez da inor zauritu. Suteak ez dituela enpresaren handitze planak motelduko agertu du zuzendaritzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu