ondorena

Kalteak, uste baino larriagoak

Itsasoak atzo goizaldean Bizkai, Gipuzkoa eta Lapurdiko kostaldean sartu eta txikizioa eragin ostean, zenbaterainoko kalteak eragin dituen aztertzeko eguna dute instituzioetako ordezkariek eta herritarrek. Nola aurre egin zehazteko "goizegi" dela nabarmendu dute erakundeetako ordezkariek, enbatak aurreikusitakoak gainditu dituelako.

Donostian denboraleak utzitako irudi bat. JON URBE, ARP
2014ko otsailaren 3a
08:54
Entzun

Atzo goizaldean hamar metrotik gorako olatuak indarrez kai, hondartza eta kaleetan lehertu zirenean, inor gutxik gogoan izango duen ikuskizuna eman zuten, Bizkaitik Lapurdirainoko itsas lerroan. Baina berekin eraman eta ekarri zituenek sortutako txikizioak dira biharamuneko argazkiak nonahi, kostaldean: eta kalteak ere halakoxeak dira: esperotakoak baino larriagoak. Horixe azaldu dute kostaldeko udaletako, diputazioetako eta Jaurlaritzako ordezkariek. 

Hala ere, ez da hildakorik egon, eta hori baloratu dute erakundeetako arduradunek; iragarritako alerta gorriaren gainean hartutako neurriak eraginkorrak izan diren seinale, jendetza gerturatu baita olatuen ikuskizuna bertatik bertara ikustera. Esan dute aurreikusitakoen aurrean egindako lana egin ez balitz askoz ere okerragoa litzatekeela egoera. Kale bazterrak garbitu eta perituek kalteak neurtzeko garaia da orain, ezer konpontzen hasi aurretik.

Atzo erakundeetako ordezkariak hara eta hona ibili ziren itsasoaren indarraren ondorioak neurtzen, eta gaur ere bai, horiek aztertzeko eguna izateaz gainera. Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu duenez, "ezohikoa" izan da gertatutakoa, eta "euskal erakunde guztiak" abian dira, itsas aldean izan diren kalteak "konpontzen saiatzen". Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak ere horixe esan du, "lana denek batera egiteko ordua" dela.

Ana Oregi Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak zenbakiak nahi dituzten kazetariei erantzun die esanez "goizegi" dela kopurutan sartzeko, lehenik eta behin horiek guztiak zehaztu behar direlako, eta ondoren neurriak hartzeko bideak jarri. Donostian izan da, Urkullurekin eta Izagirrerekin, biharamunari neurria hartzen eta kaltetuekin hitz egiten. Bihar eramango dute Gobernu Batzordera "kalteen gutxi gorabeherako bat", ez zehatza inondik ere.

Donostian, kalteak neurtzen

Donostian, hiria hondamendi eremu izendatzeko datuak bildu dituzte, eta bulego bat zabaldu dute, herritarrek jasandako kalteen berri eman dezaten eta erakundeek irudi osoa jaso dezaten gertatutakoek utzitakoaz. Bilera egin dute alkateak eta Fernando Larrañaga teknikariak, ehun bat bizilagunekin, kezkak argitzeko. Perituek jakinarazi dutenez, "azkar" ordainduko dizkiete kalteak bizilagunei. izagirreren arabera, ordea, "uste baino larriagoak" dira gertatutakoak, eta kalte asko "egiturazkoak" direla-eta "azterketa sakona" egin beharko dela uste du.

Beraz, egunak joango dira ondare publikoan eragindako kalteak konpontzeko. Eguna bukatzerako "normalizatu" nahi du alkateak hiria, zirkulazioarentzat eta oinezkoentzat, baina "lan sakona egiteko egun batzuk" beharko dira. Gipuzkoako Diputazioarekin, Jaurlaritzarekin eta Espainiako Gobernuko ordezkariekin harremanetan dago udala.

Ezkohiko bilera egin dute goizean goiz bozeramaileen batzordeko ordezkariek, eta hondamendi eremu izendatzeko azterketa egin dute udal ordezkariek aseguru etxeetako kideekin batera. Orio, Zarautz, Getaria, Deba, Zumaia, Pasaia eta Hondarribiko arduradunek ere ezohiko bilerak egingo dituzte gaur. Atzo gertatutakoari buruzko argazki bilduma eta bideoak Irutxuloko Hitza-n eta Urola kostako Hitza-n.

Bermeon, buru-belarri

Bizkaian, Bermeo izan da gehien kalteturiko herrietako bat, portuko dikea jan eta barrura sartu baitzen itsasoa. Atzo arratsaldean, alerta laranja zegoen itsasgoraren garaian, eta zuloa estaltzen saiatu ziren, baina olatuek jan egin zituzten behin-behineko neurriok ere. Goizean utzitakoak izan ziren larrienak, baina kalteak handiak izan dira. Idurre Bideguren alkateak esan duenez, "gaur izango da kalteen balorazio zehatzagoa egiteko eguna, baina kalteak izugarriak izango dira. Horrelakorik ez da ikusi".

Dikea konpontzen hasi dira goizean, porlanezko blokeak iritsi bezain laster. Bidegureni teknikariek esan diotenez, dikea "berehala" konpontzekotan dira. Ez dago berreraikitzeko denborarik, hala ere; lehenik eta behin zuloak itxiko dituzte, asteazkenerako olatu handiak espero dituzte eta. "Zoritxarrekoak lehenbailehen saihestu beharra" dago. Xehetasun gehiago Busturialdeako Hitza-n, eta argazki bilduma ere bai.

Ondarroan, Elantxoben, Lekeition eta Bakion ere ari dira kalteak konpontzen eta bazterrak garbitzen, besteak beste. Argazkiak eta bideoak Lea Artibai eta Mutrikuko Hitza-n.

Lapurdin, Hendaia gehien kaltetua

Lapurdin Hendaia izan da gehien kaltetua, hondartzako murruaren zati handi bat eraman baitu itsasoak, eta saltoki txiki guztietan sartu da ura. Oro har, Miarritze, Donibane Lohizune, Getaria eta Angeluko saltoki, hotel eta hondartza inguruko leku guztiak izan dira kaltetuak. Errobik ere egin du berea. Atzo bi familia etxetik atera behar izan zituzten urak gainezka egin zuelako, eta gaur oraindik ere alerta laranja jarria dago uholdeen arriskuagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.