Kanpaina abiatuko dute Udalbiltza berrantolatzeko

Sentsibilitate guztietako hautetsiengana joko dute 1998ko erakundeak zuen «espiritu» bereko instituzioa sortzeko

Erredakzioa
Bilbo
2012ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Udalbiltza berriz antolatu behar dela sinetsita, gaia lantzen ari dira Euskal Herriko hainbat hautetsi. Berrantolaketa nola egin daitekeen aztertu, eta asmoa indartzeko babes bila hastekotan dira. Igor Eguren Ordiziako alkateak jakinarazi duenez, aste honetan bertan aurkeztuko dute atxikimenduak biltzeko kanpaina.

Urte eta erdi igaro da Espainiako Auzitegi Nazionalak Udalbiltzaren aurkako auziari buruzko epaia kaleratu zuela. Absoluzio epaia izan zen. Nazio instituzioan lan egiteagatik espetxeratu zituztenak kartzelaratzeko arrazoirik ez zela ebatzi zuen, eta Udalbiltza bera ere ez zela legez kanpokotzat jo behar.

Epaiak Udalbiltzari jarduteko zilegitasuna aitortu izanak berriz piztu zuen Euskal Herri osoko udaletan oinarritutako nazio erakundea berpiztu beharrari buruzko hausnarketa. Orain, Euskal Herrian bizi den aro berriak erakunde nazionalaren beharra indartu egin duela adierazi du Egurenek, Info7 irratian egin dioten elkarrizketa batean.

Berrosaketa lanetan jarri dira hainbat hautetsi, eta, alkateak jakinarazi duenez, aste honen erdialdera aurkeztuko dute atxikimenduak eta ekarpenak biltzeko kanpaina. Sentsibilitate politiko guztietako hautetsiengana joko dutela azaldu du, eta nazio instituzioa «ahal bezain azkar» jarri nahi dutela martxan.

1998ko oinarri bera

Udalbiltzak izan beharreko «espiritua» argi du Egurenek. Auzitegi Nazionalak epaitu zuenaren aurka egiteko inolako arrazoirik ez zegoela frogatuta geratu zela ohartarazi, eta 1998an sortu zenean zuen oinarriari eusteko apustua egin du. Hori bai, «garai berrietara egokitu» beharko dela zehaztu du.

Eudeli edo Nafarroako Udalen Federazioari aurre egiteko helbururik ez duela ere esan du Egurenek; berregituratzen ari direna «zazpi herrialdeak aintzat hartzen dituen erakunde instituzionala» dela.

Sorrerarako datarik ez du zehaztu alkateak, baina urtea amaitu aurretik martxan nahiko lukeela esan du, «egungo garaian galtzeko denborarik ez dugulako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.