Epaiketa salatzeko, Basque Lives Matter egitasmoa abiatuko dute, eta horren inguruko xehetasunak eman ditu Eleak mugimenduak. Hiru helburu bete nahi dituzte kanpainaren bidez: salbuespen politiken ondorioak ikusaraztea, eskubide politiko eta zibilen defentsa, eta "arduraz" jokatzeko deia zabaltzea. Horretarako, hainbat ekinbide zehaztu dituzte: batetik, bi konferentzia antolatuko dituzte EHUko Zuzenbide Fakultatean, bat torturen ingurukoa, eta bestea makroepaiketen ingurukoa. Horietan parte hartuko duten zenbait adituren izenak ere eman dituzte: besteak beste, Paco Etxeberria, Jon Mirena Landa eta Lorea Bilbao izango dira lehenengoan; bigarrenean, Iñigo Iruin izango da parte hartzaileetako bat. Bestetik, instituzio eta eragileekin interlokuzioa lortzen saiatuko dira, haien jarrera ezagutu eta konpromisoa eskatzeko. Dosier bat ere osatu dute haien aurkako epaiketaren xehetasun guztiekin.
Bizi duten egoera eta euren aurkako sumarioa gizarteratu nahi dute, eta, alde horretatik, herritarren babesa eta konpromisoa lortzeko agiri bat plazaratuko dute, atxikimenduak biltzeko. Era berean, epaituen jaioterrietako udalekin ere harremanetan jarriko dira, euren aurkako epaiketa salatzeko mozioak onar ditzaten.
Prentsaurrekoan azaldu dutenez, leloa Black Lives Matter (Beltzen bizitzek axola dute) Ameriketako Estatu Batuetako erakundetik atera dute; haiekin harremanetan daude, eta haien parte hartzea bilatuko dute. Mugimendu hark arrazakeriagatik soilik gertatutako urraketak salatzea zuen helburu: Basques Lives Matter (Euskal herritarren bizitzek axola dute) izena baliokide gisa planteatu dute, hau da, euskal herritar eta disidente izateagatik epaituko dituztela haiek. @BLMbederatziak Twitter kontuaren bidez emango dute egitasmoen berri.
Bederatzi auzipetuek atxilotuta eta inkomunikazio egoeran jasandako tortura gogorrak salatu zituzten. Epaiketan tortura haien ondorioz lortutako autoinkulpazioen bidez epaituko dituztela salatu dute. "Gure aurkako frogak torturaren bidez derrigortutako inkulpazioetan oinarrituta daude. Hor dute abiapuntua, eta fiskalaren eta akusazio partikularren salaketak torturei esker eraiki dituzte".