Arriaga antzokia hiesaren kontrako borrokaren gotorleku bihurtu zuten atzo, berriro ere, gizarte eragileek. Urtero egiten duten bezala, xingola gorri erraldoia jarri zuten eguerdian, gaixotasunarekin bizi diren herritarrei elkartasuna adierazi, eta gogora ekartzeko herritar guztiei hiesa gainditu bako arazoa dela oraindik. Ekimena Hiesaren aurkako Bizkaiko Batzorde Herritarrak, T-4 eta Itxarobide elkarteek eta Hegoak taldeak antolatu zuten.
Gaixotasunaren kontrako zamarik astunena eurek hartu dutela kontutan hartuta, ez da harritzekoa atzokoan euren ahotik kritikak nabarmentzea. Alvaro Ortiz de Zarate T-4 elkarteko kideak Berriari adierazi zionez, kexu dira, hasteko hiesaren kontra egiten diren kanpainek ez dutelako, euren ustez, «ikuspegi errealista». Izan ere, gazteei zuzenduta egitenak diren arren, ez direla «gazteen pentsamoldetik eginak» uste dute. Ez hori bakarrik, «gazteentzat baina gazte barik» eginaK direla kritikatzen dute aipatu taldeek.Ortiz de Zaratek aitortu zuen, hori bai, Jaurlaritzaren azkenengo kanpaina aurrekoak baino «gogokoagoa» dutela, «batez ere preserbatiboa aipatzerakoan emakumeena ere hor ageri delako». Egindakoa, halere, hobetu daitekeela azpimarratu zuen: «Lehenengo eta behin, hiesa aparteko bezala aurkezten digute karteletan, gaixotasun hori alde batean, eta sexu bidezko gainerako guztiak bestean; elkarrekin baina aparte».Ez zaie egoki iruditu, bestalde, karteletan neskak eta mutilak osatutako bikotea baino ez agertzea. «Hizkuntzekin egin duten legez, euskarazkoa eta erdarazkoa ateratzea, zergatik ez neska-mutil bikotearekin atera duten kartelaren antzeko beste batzuk atera neska-neska eta mutil-mutil bikoteak erakusten dituztenak?», esan zuen T-4 taldeko kideak, itauna egiteko baino kritikaegiteko.Uste dute, bestalde, Espainiako gobernuak ikuspegi lar «ekononomizista» daukala gaixoekiko, eta Eusko Jaurlaritzak banatzen dituen diru laguntzak ez direla behar bezainbestekoak: «Kanpaina zehatzetarako eta puntualki bai, ematen dizkigute laguntzak, baina ez modu iraunkorrean eta, horren ondorioz, behin baino gehiagotan gertatu izan zaigu ez aurrera ez atzera geratu izan garela lan egiteko dirurik ez genuelako», jakinarazi zuen Ortiz de Zaratek.
HIESAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA
Kanpainak «gazteentzat, baina gazte barik»
Hiesaren kontrako borrokan dabilen T-4 elkarteak kritikak egin dizkio Administrazioari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu