Kanpoko langileek egingo dute EAEko unibertsitateen ebaluazioa

Uniqual agentzia ordezkatuko duen erakunde berria aurkeztu du Jaurlaritzak: Unibasq

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako unibertsitate zentroetako ebaluazioa egiteko ardura erakunde horietatik kanpo diharduten adituen esku jarriko du Unibasq agentziak. Erakunde horrek orain arte egiteko horretan ziharduen Uniqual agentzia ordezkatuko du. Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak atzo prentsaren aurreko agerraldia egin zuen, agentziaren funtzionamenduaren berri emateko. Ebaluazioa EAEko unibertsitateetatik kanpo diharduten ebaluatzaileen esku utzita, nork bere interesen arabera jokatzea eragotzi nahi dute.

Unibasq agentziaren estatutuak iragan ostiralean argitaratu zituen EAEko Aldizkari Ofizialak. Araban, Bizkaian eta Gipuzko unibertsitateen «etenik gabeko hobekuntza» du helburu.Kanpoko ebaluatzaileei leku egiteaz gain, ikasleen ahotsa aintzat hartu ere nahi du agentziak, bai eta kasuan-kasuan aztertzera doazen ezagutzaren eremuko adituak ere.

Agentzia horren arduretako bat izango da unibertsitateetako irakasle eta ikertzaileen egiaztagiriak bere gain hartzea. EHUko irakasleen osagarrien gaineko balorazioa ere egin beharko du. Master, gradu titulu eta doktoretza ikastaroak ere ebaluatuko ditu, Jaurlaritzak onartu aurretik. Era berean, behin ikastaro horiek martxan jarri ostean ere, horien jarraipena egiteko ardura izango du.

Europa eredu

Agentziaren estatutuak aldatuta, «Europako agentzia handiekin» parekatu nahi dute erakundea, Isabel Zelaaren arabera. Agentzian gaur egun hamar lagun ari dira lanean, eta milioi eta erdiko aurrekontua du bere jarduna aurrera eramateko.

Agentziaren oinarrizko xedea «gardentasuna» dela azaldu zuen atzo erakundeko zuzendari Mikel Urkijok, eta asmo horrekin webgune bat martxan jarri dutela. Tresna horren bidez, ebaluatuek, jakingo dute nortzuek egingo duten beren ebaluazioa eta zer irizpide erabiliko dituzten egiteko horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.