Iker Apilanez. Stop Desahucios elkarteko kidea

«Kanporatzeei buruzko azken hitza bankuek dute oraindik; bitartekaritza ez da nahikoa»

Legea aldatu ezean kanporatzeak ez direla etengo iritzi dio Iker Apilanez Stop Desahucios elkarteko kideak. Mobilizatzeko eskatu die herritarrei, banketxeen aldetik ez baitu jarrera aldaketarik ikusten.

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2012ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Stop Desahucios elkarteko kide Iker Apilanezek (Donostia, 1979) argi du: «Kanporatutako familia guztiek eduki beharko lukete bermatuta etxebizitza bat. Eskubide bat da, eta administrazio publikoek badituzte hori ziurtatzeko baliabideak». Kanporatze kasuei aurre egiteko Jaurlaritzak sortutako bitartekaritza zerbitzua «hankamotz» geratu dela nabarmendu du.

Zein iritzi duzue Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako proposamenaz?

Arazo bat dagoela onartzen duten hainean, positiboa iruditzen zaigu. Baina uste dugu gizartearen presioaren ondorio dela eta, Espainiako Gobernuak aurkeztutako dekretuarekin gertatu bezala, ez dela nahikoa. Izan ere, legea aldatzen ez den bitartean, kaleratzeen inguruko azken hitza banketxeek dute oraindik; bitartekaritza ez da nahikoa. Haien jarrera ikusita, gainera, negoziatzeko borondate gutxi dutela iruditzen zaigu.

Hipoteka sinatzera doazen herritarrei aholkularitza emateko asmoa du Jaurlaritzak.

Zentzuzkoa eta egokia da hori. Ikusi dugu mailegu bat sinatzeko orduan jende askok interes baxuen ematen zion aurrezki kutxa edo banketxera jo duela. Baina ez dute sinatzen zutenaren hizki txikia irakurri. Horrenbestez, askok ez dakite, adibidez, bermea ematen dien senide horrek etxebizitza galtzeko arriskua duela. Hori guztia argituko dien norbait izatea oso garrantzitsua da.

Uste duzue kanporatzeak saihesteko balio duela bitartekaritzak?

Goiz da hori esateko. Elkartera datozen kaltetuei zerbitzu horretara jotzeko esango diegu, eta ikusiko dugu zer emaitza lortzen diren eta kaltetuek zer tratu jasotzen duten. Dena den, lehen hausnarketa moduan, uste dugu hankamotz geratzen dela. Izan ere, kaltetuei ez zaie babes juridikoa bermatzen. Gaur egun, badago aholkularitza juridikorako doako zerbitzu bat, baina erabiltzeko baldintza batzuk bete behar dira. Gainera, betez gero, egokitzen zaizkien abokatuek kasu askotan ez dute gaiari buruzko prestakuntzarik. Sortu beharko litzateke halako kasuetan laguntza juridikoa emateko doako zerbitzu bat.

Jaurlaritzak aurreikusten du kanporatu dituzten pertsonei alokairuko etxe bat eskaintzea. Zer iruditzen zaizu?

Guk denbora daramagu hori eskatzen. Administrazio publikoak baditu hutsik dauden eraikinak, eta egokituz gero baliagarriak izan daitezke kanporatu dituzten pertsonei eskaintzeko. Baina hor ere zehaztapen bat egiten da: gizarte bazterketa jasateko arriskua egotea. Beti jartzen dituzte baldintzak. Eta uste dugu ez luketela egon behar. Etxebizitza eskubide bat da. Horrenbestez, kanporatu dituzten familia guztiek izan beharko lukete bermatua beste etxebizitza bat.

Kasuak gero eta gehiago dira, ezta?

Bai. Krisia luzatzen joan ahala, langabeen kopurua handitzen doa. Horrenbestez, ugarituz doaz kasuak. Gainera, uste dugu Espainiako Gobernuak onartutako murrizketekin krisia areagotu egingo dela.

Nondik etor daiteke konponbidea?

Legea aldatzen ez den bitartean, arazoa ez da konponduko. Bitartean, funtsezkoa iruditzen zaigu herritarrak mobilizatzea. Presioa egin behar dugu, horri esker lortu baitugu kanporatze batzuk atzeratzea. Hortik harago, lege ikuspegitik aukerak asko izan daitezke: maileguen ordainketa birmoldatzea edo atzeratzea, etxebizitza ordainean ematea...

Egoera ikusita, herri ekimen legegile bat aurkezteko sinadurak biltzen ari zarete.

Bai. Espainian hasitako ekimena da, eta guk bat egin dugu. Xedea da Espainiako Kongresuan gure proposamenak kontuan hartuko dituen herri ekimen legegile bat aurkeztea. Behintzat, eztabaida ditzatela gure proposamenak. Hilabete hauek baliatu nahi ditugu kontzientziazio kanpaina bat egiteko ere. Larunbatean hasi ginen sinadurak biltzen, eta, oraingoz, jendearen erantzuna oso ona izaten ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.