LEHERKETAK KANTAURIKO KOSTALDEAN

Kantabrian eta Asturiasen indar txikiko lehergailu bi zartarazi ditu ETAk

San Vicente de la Barqueran eta Ribadesellan leherrarazi ditu bonbak, abisua eman ostean; eztandek inor ez dute zauritu, eta kalte arinak besterik ez dituzte eragin

Erredakzioa
BILBO
2004ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
ETAk indar txikiko lehergailu bana zartarazi zituen atzo San Vicente de la Barqueran (Kantabria) eta Ribadesellan (Asturias). Bonbek 13:00ak aldera egin zuten eztanda, San Vicente de la Barquerako lorategi batean eta Ribadesellako hotel baten ondoan.

Leherketak gertatu baino ordubete lehenago, ezezagun batek Gara eta Asturiaseko Nueva España egunkarietara deitu zuen ETAren izenean lehergailuak non zeuden eta noiz lehertuko ziren esateko. Gauzak horrela, aipatu bi tokietako inguruak berehala hustu zituen Poliziak. Iragarritako orduan egin zuten eztanda bi lehergailuek. Indar gutxikoak biak ere. Hala, inor ez zuten zauritu, eta kalte urriak eragin zituzten. Hain zuzen, San Vicente de la Barqueran, hiri erdiko lorategi batean egin zuen eztanda lehergailuak. Polizia iturrien arabera, sasi artean eta plastikozko kutxa batean zegoen ezkutaturik 200 gramo leherkariz osatutako lehergailua. Lehergailua indar txikikoa zela eta, tranpa bat izan zitekeelakoan hiru orduz itxita eduki zituen Poliziak lorategiaren ingurua eta San Vicente de la Brequerako hainbat kale. Denbora horretan beste lehergailu baten bila jardun zuten, baina ez zuten ezer aurkitu.Asturiasko Ribadesella herrian Santa Marina hondartzako La Playa hotelaren ondoan (Ricardo Cangas kalean) zartatu zuten bigarren lehergailua. Leherketak azaleko pitzadurak sorrarazi zituen hoteleko horma batean. Halaber, leihoetako zenbait kristal hautsi zituen. Asturiasen Espainiako Gobernuaren ordezkari den Antonio Trevinek jakitera eman zuenez 300 gramo titadinez osaturiko lehergailua zen, eta San Vicente de la Barquerakoa bezala, jakiak gordetzeko plastikozko edukiontzi batean zegoen gorderik, hotelaren ondoko eraikin zahar batean.Polizia iturrien arabera, Ribadesellako eztanda gertatu zeneko ingurua arakatzen jardun zuten Guardia Zibileko artezilariek eta suhiltzaileek arratsaldean zehar, eta itxita laga zuten Ricardo Cangas kaleko hirugarren ataria, kalte arinengatik.

Azoka eguna eta Sellaren jaitsiera

Egun seinalatua zen atzokoa Ribadesellan eta San Vicente de la Barequeran. Izan ere, larunbatero legez, San Vicente de la Barqueran azoka eguna zuten. Hala ere, leherketa gertatu, inguruak miatu eta laurak alderako jada ireki zituzten kaleak, berriro.

Ribadesellan, bestalde, Sellaren 68. Jaitsiera jokatzen ari ziren. Milaka hiritar zeuden ibaiertzean, piragua lasterketa famatua ikusten, baina handik urrun gertatu zen leherketa. Berri agentzien arabera, piragua lasterketa ikusten ari ziren agintariak ohartu ziren leherketaz.Han ziren Espainiako Kirol Gaietarako idazkari Jaime Lissavetzki, Nekazaritza ministro Elena Espinosa eta Asturiasko presidente Vicente Alvarez, besteak beste.

Hirugarren lehergailu baten arrastoa

Gainera, ETAk hirugarren lehergailu bat zartaraziko zuen berria ikertzen jardun zuen atzo arratsaldean Poliziak. Albiste agentziek hori zioten: Nueva España-ra deitu zuen ezezagunak beste lehergailu baten berri eman zuela, alegia. Ordea, «hain azkar mintzatzen zen», ezen egunkarikoek ezin izan zuten ulertu lehergailua non zegoen.

Are gehiago, Nueva España-ko arduradunek Efe berri agentziari azaldutakoaren arabera, ETAren izenean deitu zuen pertsonak deia eten zuen berriro lehergailua jarritako lekuaren izena errepikatzeko eskatu ziotenean.Lerro hauek idazterakoan, ustezko hirugarren lehergailuaren gaineko albiste berririk ez zegoen. Asturiasen Espainiako Gobernuaren ordezkari den Antonio Trevinek ere ezer gutxi esan zuten deitzaileak aipatu ei zuen beste lehergailuaz. Trevinek nabarmendu zuenez, «Gara-ra deitu zuen pertsonak lehergailu biren inguruan aritu zen bakarrik». Beraz, ia ziurtzat jo zuen hirugarren lehergailurik ez zegoela.

-

Datua





300

Espainiako Gobernuak Asturiasen duen ordezkari Antonio Trevinen arabera, 300 gramo titadinez osatua zegoen Rivadesellan La Playa hotelaren ondoan eztanda egin zuen lehergailua. San Vicente de la Barquerakoa, berriz, 200 gramoz osaturikoa zela zabaldu zuten polizia iturriek. Biek kalte txikiak eragin zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.