Kantonamendu bozetan EH Bai koalizioa hobestea deliberatu du ABk

Eztabaida sakonek josi biltzar nagusiak ekologistekin osatu poloaren aldeko mozioa baztertu du

Nora Arbelbide Lete.
Uztaritze
2010eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Abertzaleen Batasunak urteko biltzar nagusia egin zuen atzo Uztaritzen (Lapurdi). 100 bat kide elkartu ziren, 150 bat bozkatzaileek zeukatelarik beren boza emateko aukera. Biltzarrak ikusmina sortua zuen, martxoan egingo diren kantonamenduetako hauteskundeetarako jarrera erabakitzekoa baitzuten. Hiru proposamen aurkeztu ziren eztabaidarako. Batetik, Batasunarekin eta EArekin EH Bai koalizioa osatzea; bigarrenik, AB bakarrik aurkeztea; eta azkenik, polo abertzale-berdea sortzea. Europako hauteskundeetan, esaterako, ABk Berdeekin bat egin zuten Europe Ecologieren barruan.

Bozkatzeko mementoan ez zuten aurkeztu, azken finean, AB bakarrik aurkeztearen alde egiteko mozioa, eta kideek EH Bai eta polo abertzale-berdearen artean hautatu behar izan zuten. Gehiengoak EH Bairen aldekoa hobetsi zuen.

Halere, mozio horri zuzenketa bat gehitu zioten bozketa egin eta gero. Hauteskundeak izanen dituzten hamar kantonamenduen artean eskatuko dute horietako sei edo zazpietan ABko ordezkaria izatea EH Baiko hautagaia. Biltzar Nagusian bozkatu idazkaritza berriak orain bere betebeharretan izanen du, preseski, Batasuna eta EAren ikustera joatea, negoziazioak hasteko: «Berriz berrikusteko gure kartaren haritik nolako oinarri politikoa ematen diogun EH Bai koalizioari. Mandatua izanen dugu bihartik harat EA eta Batasunarekin ahalik eta leku guzietan lehenestea EH Bai koalizioa», zehaztu zuen Andde Sainte-Marie ABko bozeramaileak. Bozeramaile bakarra izanen da hemendik aitzina Sainte-Marie, hain justu, Peio Etxeberri-Aintziartek ez baitu gehiago funtzio hori beteko. Funtsean, idazkaritzatik atera da.

Hori bai, biltzar nagusian eztabaida sakon eta biziak izan ziren: «Horretaz badugu ohitura, nahiz eta bitxia izan kanpotik ikusirik. Batzuetan iritzi kontrajarriak izan dira. Baina iritziak aldatu dira. Dena molde duinean. Termino politikoetan mugatu da». Eta, funtsean, ekologisten alde edo EH Bai alde, bi hautuak bata bestetik urrun direla «badirudi», beti ere Saint Marieren hitzetan: «Azken finean ez dira hain kontrajarriak. Guztiek izaten ahalko baitzuten deklinazio bera. Erran nahi baita, mezua izaten ahal da abertzalea, ezkerrekoa eta ekologista. Ez dira kontrajarriak. Eta izpiritu hori ere ekarriko diogu EH Bairi». EH Bairen alde, argumentu bat izan dira baita azken aldiko aldaketak: «Dudarik gabe, pozik gara ikustea Batasuna urratsak egiten ari dela, guk aspalditik eskatzen dugun ezker abertzale zibil eta soilik politikoa den horren bidean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.