Kantonamendu guztiek garrantzia dute Kontseiluan berdinketa denean

Departamenduetan berdindurik daude ezkerra eta eskuina 26na aulki dituzte; presidentea UMPkoa da

Martxoaren 20ean eginen da bozketen lehen itzulia. GAIZKA IROZ.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Erdiz erdi banatu ziren Ipar Euskal Herriko kantonamenduak 2004an, nahiz eskuina nagusi bukatu sei urteren buruan. Bi aldeek gehiengoa lortzea dute helburu aurten.

1. Angelu iparraldea

1998tik kontseilari izandakoak, Jean Espilondok (PS), ez du berriz bere burua aurkeztuko. Gerard Cazaux da aldi honetan PSren zerrendaburu. Eskuinak zein zentristek berreskuratu nahi dute kantonamendua, eta hautagai bat baino gehiago dira kanpainan sartuak: UMPk Claude Olive du zerrendaburu; Union pour Anglet taldeak, nahiz «etiketa gabe» aurkeztu, bere burua eskuinarekin eta zentristekin ikusten duen Jean-Baptiste Mortalena, eta Florence Lasserre Forces 64ren zerrendaburu da. Eskuin muturra ere aurkezten da. Ezkerrean ere hautu bat baino gehiago bada: PSren ondoan, Ezkerreko Fronteak Florian Penaroyas du hautagai, eta Europe Ecologie Berdeek, Jo Daubagna. Abertzaleen aldetik, mementokotz Angelu Zain taldea aurkeztuko da, Iñaki Zaldunbide buru, EAJren sostengua dutela.

2. Atharratze

Hiru agintaldiz kontseilari izan ondotik Mixel Arhantzet zentrista ez denez berriz aurkezten, lekua berreskuratzen ahal lukeela uste du ezkerrak. Baturik aukera gehiago dutela jakinda ere, zatiturik doaz: Atharratzeko auzapez Arnaud Villeneuve PSren sostenguarekin lehiatuko da; Ezkerreko Frontearen izenean Pierre Etxekopar eta NPAko Marc Leroy ukanen ditu ezkerraldean lehiakide. EH Bai aurkezten da, Gilen Iriart hautagai eta Aurore Martin ordezko. Arhantzetek, berriz, bidea utzi dio Jean-Pierre Iriarteri, eta hark EAJren sostengua du. Mixel Castan, Atharratzeko Herriko Etxean oposizioko zinegotzia ukanen du eskuinean lehiakide.

3. Baiona ekialdea

Luzaz eskuineko kontseilaria ukanik, 2004an Jerome Agerre sozialista nagusitu zen. Eskuinak kantonamendua berreskuratzeko gosea ez du gordea. Baina zein nagusituko den ez da hain argi, Agerre ez delako berriz aurkeztuko,eta bai PSk bai UMPk hautagai berriak dituztelako: Christine Lauque (UMP) eta Marie-Christine Aragon (PS). Georges Barrere zentrista Bayonne Par Coeur taldearen izenean aurkeztu da, eta Forces 64k Alain Lacassagne du zerrendaburu. Ezkerrean, Europe Ecologie Berdeek Marie Picard Felices izanen dute hautagai, Ezkerreko Fronteak Daniel Romestand, eta EH Baik Maite Etxeberri. Jean Teletxeak EAJ ordezkatuko du.

4. Baiona iparraldea

Aitzinekoan komunistek galdu zuten aulki bakarra aurten berriz berreskuratzeko asmoa dute. Marie-Jo Espiaube Bokaleko auzapeza dute zerrendaburu. Christophe Martin sozialista nagusitu zen, eta aurten ere PSren ordezkari da. Ezkerrean beti Marie Ange Thebaud aurkezten da Europe Ecologie Berdeen izenean, eta EH Baik Pierre Noqueret ezarri du zerrendaburu. UMPk Jean-Bernard Pocq ukanen du hautagai, eskuineko Debout la Republique taldearen ordezkariPascal Lesellieren eta eskuin muturraren ondoan. «Etiketarik gabe» aurkezten da baita Cyrille Laiguillon ere, Bayonne Par Coeur taldeak sostengaturik; halarik ere «independente» dela argi utzi du.

5. Baiona mendebaldea

Sozialistek bidean zehar galdu kantonamendu hau berreskuratzeko gogoa dute. Hain zuen, Monique Larra Lange PSren zerrendaburua doi-doietarik (%50,57) kontseilari bihurturik, 2008an zentristen aldera pasatu zelako. Berriz aurkeztu da, Forces 64ren izenean eta UMPren sostenguarekin. Baina eskuinak beste bi ukanen ditu ere: François Gouffrant aurkeztuko da, Alderdi Erradikaleko kide gisa eta Yves Ugalde Baiona Par Coeur-en izenean. PSk Henri Etxeto du hautagai, Ezkerreko Fronteak Jean-Claude Soudre, eta Europe Ecologie Berdeek Daniel Hegoburu. EH Bai-ren buru, berriz, Peio Menta da.

6. Bastida

UMPko Jean Castaings 1979tik geroz kontseilari da, eta aurten berriz aurkeztu da. 2004an hiru zerrenden artean egin zen bigarren itzulia, besteak beste Bastidako auzapez Leopold Darritxon zuela parean. Aurten ere aurkeztu da Darritxon; EAJk zein Europe-Ecologie Berdeek sostengua adierazia diote. PSk Thierry Dekimpe izanen du ordezkari, eta Ezkerreko Fronteak Jean Dubourdieu. Xebax Christy da EH Baiko hautagaia.

7. Miarritze mendebaldea

Pentsa daiteke Max Brisson kontseilariak (UMP) bere aulkia atxikiko duela. Parean Guy Lafitte ukanen du sozialisten ordezkari, Mathieu Accoh Ezkerreko Frontearen izenean, eta Europe Ecologie Berdeek Filipe Etxeberri. Abertzaleen aldetik, Maialen Etxeberri (AB) zerrendaburu aurkeztuko da abertzaleen eta independenteek osatu Biarritz Bestelakoa taldearen ordezkari. Ez da jakina EH Baik hautagairik ukango ote duen. Brissonek bere aldean ere lehiakideak ditu: Jean-Benoit Saint-Cricq eskuinean, eta Maider Arostegi zentroan.

8. Garazi

46 urtez Intxausperen (eskuina) eskutan gelditu Garaziko kantonamendua Frantxua Maitiak (PS) eskuratu zuen 2004an. Horren berreskuratzea da eskuinaren xedea. Jean-Marie Mailharro (Forces 64) eta Jean-Pierre Eihartz (UMP) ditu parean sozialistak. Baina, Maitiak dioenez, «eskuinak hautagai serios baten aurkitzeko zailtasunak ditu kantonamenduan». Aspaldian eskuin bozkatzen den kantonamendu horretan ez litzateke harrigarri, hala ere, berriz eskuinera itzultzea. Ezkerreko Frontearen izenean Catherine Forgeron da, Europe-Ecologie Berdeak ez direlarik ordezkatuak izanen. Abertzaleei dagokienez, Dominique Baxo izanen da EH Baiko hautagaia eta Pako Arrizmendi EAJkoa.

9. Hazparne

Gaur egungo kontseilari Beñat Intxauspe aurkeztuko da UMP eta Forces 64 eta EAJren sostenguarekin. Eskuineko eta zentroko tendentziarentzat aurkezten den bakarra da. Parean izanen ditu Franck-Yves Guilbert PSren zerrendaburu, Jean-Paul Bire Ezkerreko Fronteko hautagaia eta Isabelle Gary Europe Ecologie Berdeentzat. EH Bairen zerrendaburua Juliette Bergougnan da.

10. Iholdi

Jean-Louis Casetek mantenduko ote du bere kontseilari aulkia? Duela 18 urtetik kontseilaria izaki, 2004an lehen itzulitik pasatako bakarra, eta Forces 64 eta UMPren sostengua duela ikusiz, pentsa daiteke baietz. Parera begiratzean agertzen dira dudak, EH Bairen izenean aurkezten den Daniel Olzomendik Europe-Ecologie Berdeen eta sozialisten sostengua duelako. Eskuinari begira ere, Iholdiko auzapez Beñat Cachenaut aurkezten da; eskuineko bozak bi aldetara zuzenduko dira, beraz. EAJ aurkezten da, Beñat Oteiza zerrendaburu duelarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.