Donostiako Aste Nagusiak bere laugarren eguna du gaur. Jaiaz gozatzen jarraitu nahi duenak, badauka horretarako aukera. Txirrindularitzaren zaleek, 11:00etatik aurrera, 32. Donostiako Klasika jarrai dezakete. Etxeko haurrentzat ere, hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Besteak beste, puzgarriak eta ludoteka (Teresa Calcutta Plazan), esgrima (Zurriola Plazan), tailerrak (Kursaaleko Zurriola terrazan), erraldoaik eta buruhandiak (Kaian).
Gaueko eskaintzari dagokionez, Piraten kolektiboak Skakeitan eta Bad Manners (La Flamenka gunean) taldeen kontzertuak antolatu dituzte. Nautikako DJ Gunean, jendea girotzeko ardura izango dutenak, Rude Hi-Fi eta Stepi Selekta izango dira. Gaurko su artifizialak, Frantziako Intermede su etxeak botako ditu.
Piraten kolektiboak Kantu Jira egin du goizean, Alde Zaharrean barrena. Bertara hurbildu diren guztiak bi orduz aritu abesten: Kattalin, Aita Semeak, Jeiki Jeiki, Begiak parrez parrez... Kantu Jira La Flamenka gunean bukatu da eta bertan, Ezkila kapitainak bat egin du partaideekin.
Atzo Piratak izan ziren protagonista. 5.000 bat lagunek hiria abordatu zuten, kaiatik irten ziren 450 baltsa erabiliz. Kontxarainoko bidea hasi aurretik, itsasontzi gainean igota, Fermin Muguruzak kontzertua eman zuen eta dantzan jarri zituen kaiara gertutatu ziren guztiak. 17:30etako Matti pertsonaiak "Izan Pirata, elkarrekin abant, abordatzera!" esan eta txupina bota zuen. Horrezkero, Donostia Piraten hiria zen.
Donostiako Juan Karlos Izagirre alkateak jaien balorazioa egin du. Ezusteko ezbeharrik gertatu ez delako pozik azaldu da Izagirre. Gainera, ekitaldi ezberdinek jendearen partetik izan duten harrera ona azpimarratu du. Besteak beste, su artifizialak, Sagueseko kontzertuak eta atzoko Piraten Abordatzera! ekitaldia aipatu ditu. Azken honetan parte hartu zutenen jarrera ona ere nabarmendu du alkateak.