Leioako Elexande auzoan (Bizkaia) gizonezko batek eraso egin ziola salatu zuen atzo adingabe batek, goizaldeko 02:45ean. Ertzaintzan salaketa jarri ostean, Gurutzetako erietxera eraman zuten adingabea auzi mediku batek ikus zezan.
Ertzaintza gizonezkoaren bila aritu zen, eta 03:25 aldean atxilotu zuen, Leioan bertan.
Gaur goizean karguekin aske utzi dute atxilotutako gaztea, epailearen aurretik igaro ostean.
Udalak, bere aldetik, elkarretaratzea antolatu du iluntzeko 19:30etarako. Horretaz gain, adierazpen instituzional bat kaleratu du gertatutakoa salatuz, eta deia egin die herritarrei halakoetan isilik gera ez daitezen.
Gasteizen, berriz, astelehen gauean beste gizonezko bat atxilotu zuten. Adurza auzoko etxe batean gizonezko bat emakumezko bat jotzen ari zen abisua jaso zuen Gasteizko Udaltzaingoak. Bertara joan ziren hainbat udaltzain, eta emakumezko bat topatu zuten, oihuka, bere etxebizitzako atean.
Etxe barrura sartu eta gizon-emakumeekin hitz egin zuten poliziek. Biek onartu zuten eztabaida izan zutela, eta gizonezkoak emakumezkoari bultza egin ziola eta ostizkoz jo zuela. Gertaerak ikusita, gizonezkoa atxilotu zuten.