Usurbileginez.com-ek jakinarazi duenez, Karlos Martin Martutene Donostiako espetxean daukate preso, haren senitartekoek gaur jakin dutenez. Martinek asteartean bere burua Ertzaintzaren Antigua Donostiako egoitzan entregatu egin zuen, kartzela zigorra osorik betetzeko, baina sendiak geroztik ez zekien non zen. Gaur Martinekin berarekin telefonoz hitz eginda jakin dute.
Behin-behineko askatasun egoeran zegoen, baina duela gutxi espetxeratzeko agindua jaso zuen. 108 egun falta zaizkio zigorra osorik betetzeko.
2003ko urrian atxilotu zuten Martin. 2006ko ekainean 30.000 euroko bermea ordainduta libre geratu zen. 2009ko abenduan zazpi urteko kartzela zigorra jarri zioten, baina helegitea aurkeztu eta lehengo otsailean Auzitegi Gorenak lau urtera jaitsi zion zigorra.