Sanferminak

Kartel zuri-gorririk onenaren bila

Iruñeko bestak iragartzeko afixa aukeratuko dute iruindarrek apirilaren 18a arte botoa emanda. Gaur aurkeztu dituzte zortzi finalistak, eta, urtero bezala, santua eta zezenak ageri dira nagusiki.

Iker Tubia.
2016ko apirilaren 5a
10:25
Entzun

Hiru hilabete geratzen dira sanferminetarako. Orain, baina, bestak iragartzeko afixa zein izanen den aukeratu beharko dute iruindarrek. Zortzi kartel zuri-gorri aurkeztu dituzte Ziudadelan, eta horien artean boto gehien jasotzen duena izanen da irabazlea. Orotara, 376 lan aurkeztu dira, eta zezenak eta santua ageri dira gehienetan, ohikoa den bezala. Are, entzierroaren ibilbidearekin San Ferminen irudia sortu duen kartel bat ere badago.

Urtero izaten da erraldoien konpartsari tokia egiten dion kartelen bat, eta aurten ere hala da, baina oraingoan ez da Caravinagre ageri; emakumezko erraldoiak marraztu dituzte. Hitzez soilik osaturiko afixa bat ere badago, ama maitatu esaldia nabarmentzen duena. Hiruki gorriz osaturikoa eta komuneko atean egindako marrazkiez inguraturiko San Fermin hitza ere ailegatu dira finalera. Afixa guziak Kondestablen ikusgai izanen dira.

Iruindarrek dute hitza

Maitena Muruzabal Kultura, Hizkuntza Politika, Hezkuntza eta Kirol zinegotzia buru duen epaimahaiak aukeratu ditu finalistak. Epaimahaiko kide guziak diseinuaren, komunikazioaren eta arte plastikoen alorreko profesionalak izan dira: Javier Erice, iazko lehiaketako irabazlea, Leire Urbeltz, Antonio Laita, Maite Canto eta Iñaki Cabodevilla. Orain, Iruñean erroldaturik direnek izanen dute irabazlea aukeratzeko parada. Botoa emateko azken eguna apirilaren 18a izanen da, eta hiru bide daude: Pamplona.es webgunearen bitartez, 010 telefono zenbakira deituta eta Iruñeko Civivoxetan. Lehiaketako irabazleak 3.600 euroko saria jasoko du.

Afixa gehienak nafarrak dira. Aurkeztu diren egileen %44 iruindarrak dira, eta %62,5 nafarrak. Hau da, egileen artean 166 dira iruindarrak, eta 69 Nafarroako beste herrietakoak. Aurten iaz baino lehiakide gutxiago izan dira, 2015ean 462 lan aurkeztu zituztelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.