Nahikoa dela esan dute. Bakartzeak amaitu egin behar duela. Beren aldarriak entzunarazteko beste biderik ez, eta gose grebari ekin zioten hilaren 9an Kaliforniako 30.000 preso inguruk. Hirugarren gose greba da bi urtean. Segurtasun handiko espetxeetan duten egoeraz ohartarazi nahi dute protestarekin. Eta bereziki lazgarria den neurri baten desagertzea eskatu: luzerako edo mugagabeko bakartzea. "Gutariko inork ez du hau egin nahi, baina beste aukerarik ez dugu ikusten", adierazi dute presoek. Normalean ezkutuan geratu ohi den errealitate bat azaleratu dute horrela: kartzela barruko kartzela batean, bakarturik bizitzea.
Munduan preso gehien biltzen duen herrialdea dira AEBak, bi milioitik gora, orotara. Estatuaren menpeko espetxeetan daude batzuk, kartzela erdi-pribatu edo erabat pribatuetan beste batzuk, atxikitze zentro berezietan beste hainbat... Eta milaka dituzte horietan guztiz bakartuta. Estatu batetik bestera nahiz espetxe batetik bestera bakartze ziegetako baldintzak aldatu egiten badira ere, normalean eguneko 22 eta 24 ordu artean eman ditzake presoak bakarturik bertan. Ziega txikiak izan ohi dira, betoizko hormekin, leihoak hesiz estaliak, eta komuna bertan dutenak. Zirrikitu bat izaten du ateak, presoari jatekoa bertatik sartzeko.
Maiz espetxezaina izaten da bakandutako presoak ikusten duen bakarra, patio txiki batera ere bakarrik irteten baita. Hainbatetan telefono deiak eta bisitak ere galaraztea dakar neurriak.
Kalifornian, 4.500 bat preso daude orain bakarturik, eta, AEBetan, oro har, 80.000tik gora ziren egoera horretan 2005ean, gobernuak emandako datuen arabera. Gehienbat Segurtasun Handiko Unitateetan aplikatzen da neurria (SHU Security Housing Units deiturikoak), protestaren abiapuntu izan den Kaliforniako Pelican Bay kartzelan, kasurako. Hain zuzen, segurtasun arrazoiak argudiatzen dituzte arduradunek preso bati bakartzea aplikatzeko; kartzelazainak arriskutsutzat jotako presoarengandik babesteko edota presoa besteen erasoetatik babesteko neurria dela diote.
Ordea, tresna zigortzaile hutsa dela uste dute giza eskubideen aldeko elkarte ugarik. Zigortua are gehiago zigortzekoa. Salatzen dutenez, sarriegitan, zigorra nori aplikatu eta zein irizpideren arabera erabakitzeko ez dira arrazoi objetiboak erabiltzen. Gaizkile talde bateko kidetzat jotzea izaten da, adibidez, ohiko arrazoietako bat, eta, horretarako, besteak beste, nahikoa zantzu izan daiteke tatuaje bat izatea edo liburu jakin batzuk edukitzea, presoek salatu izan dutenez. Gainera, presoak neurriari ezin izaten dio helegiterik jarri.
Baina aplikazioaz harago, bakartzea bera zigor gehitu bat dela ere esan liteke; tratu anker eta gizagabetzat, are torturatzat ere jo daitekeela ohartarazi dute nazioarteko giza eskubideen aldeko erakundeek. Izan ere, pertsona bakartu eta gutxira hasten dira sumatzen neurri horrek eragin ahal dizkion kalteak.
Luzerako bakartzea
Preso bat bakartze egoeran mantentzeko epeak ere aldakorrak dira oso, bai AEBetan, bai munduko beste herrialde askotan ere. Eta hortxe, denboran dago gakoa —bakarra ez bada ere—, hainbat erakunderen ustez. Juan Mendezek, NBE Nazio Batuen Erakundearen Torturari buruzko errelatore bereziak, 2011n eginiko behin-behineko txosten batean neurri horren gehiegizko erabilerarako joeraz ohartarazi zuen, eta nabarmendu zuen bakartzearen erabilera mugagabeak oinarrizko eskubideak urra ditzakeela. Eguneko 22 eta 24 ordu artean giltzapetuta dauden lagunen bakartze fisiko eta sozial gisa definitu zuen kontalari bereziak bakartze erregimena; aldaera ezberdinak baditu ere, beste pertsonekiko nahiz munduarekiko kontakturik eza du beti ezaugarri nagusi.
Bakartzeak pertsonengan eragin ditzakeen osasun ondorioak aintzat hartuta, 15 egunetik gorakoa "luzaroko bakartze" gisa zehaztu zuen Mendezek. Osasunean dituen ondorioak egun gutxiren buruan sumatu daitezkeela dio, eta zenbat eta gehiago luzatu hartarako arriskua ere areagotu egiten dela. "Literatura zientifiko gehienak dio hamabost eguneko bakartzearen ondotik azaleratzen direla eragin psikologiko kaltegarriak eta ezin itzulizkoak izan daitezkeela". Nahaste psikotikoak, antsietatea, depresioa, hira, kognizio nahasteak eta paranoia aipatzen ditu horien artean, besteak beste. "Eragin horiek atzera bueltarik gabekoak izatea ekar dezake luzaroan bakartze erregimenean egoteak". Horiek horrela, defendatzen du luzerako nahiz mugagabeko bakartzeak galarazita beharko lukeela. Hamabost eguneko epetik behera ere, tratu ankerra suposatzen ez duela ziurtatzeko bermeak proposatzen ditu.
Bestalde,NBEko kontalari bereziak nabarmendu du erabat debekaturik egon beharko litzatekeela adingabe eta buruko gaitzen bat dutenei bakartzea ezartzea "edozein kasutan". Asko dago egiteko horretan, AEBetako espetxeetako adingabeen egoerari buruz Human Rights Watch erakundeak eta ACLU Amerikako Askatasun Zibilen Batasunak iaz kaleratutako txostenak agerian utzi zuenez. Colorado, Florida, Michigan, New York eta Pensylvaniako kartzeletan ikerketak eginez eta beste hamalau estatutan espetxeratutako gazteak gutun bidez elkarrizketatuz osatu zuten Growing Up Locked Down: Youth in Solitary Confinement in Jails and Prisons Across the United States txostena (Giltzapean haztea: bakartutako gazteak AEBetako kartzeletan eta atxikitze zentroetan). Haren arabera, 2011n 95.000 adingabe zeuden AEBetako espetxeetan, asko egun, aste, hilabete edo urte luzetan bakartuak. Rikers Island kartzela jartzen dute adibide gisara: bertako gazteen bakartze epea, batez beste, 43 egunekoa zen urte hartan, eta ia erdiari (%48tik gora) buruko osasun arazoren bat diagnostikatu zieten.
Bakartutako hainbat gazteren testigantzak jasotzen dira txostenean, egoeraren larria islatzen dutenak. "Bakartzean zehar leherketa bat gertatzen da", kontatu du Douglas C. gazteak, Coloradoko espetxetik; "errealitatearekiko lotura galtzen duzu, aluzionazioak dituzu, eta ordu luzez pentsatzen duzu zeure buruaz beste egiteko aukeran, beste pertsona batzuk hiltzearen aukeran edo bi gauzen inguruan". Bere buruaz beste egiteko nahia ere sentitu zuen Paul K. adingabeak, Michigango espetxe batean bakarturik zutela: "Bakartuta egotearen gauzarik okerrena da zeure buruarekin halako gela txiki batean harrapatuta sentitzea. Ez duzu ezer egiteko; beraz, zeure buruarekin hizketan hasten zara, eta zeure pentsamenduetan galtzen. Suntsigarria da. Bizirik egoteak merezi ote duen zalantza egiten hasten zara…". Alyssa E.-k bere burua zauritu zuen Floridako beste espetxe batean: "Mozketak egin nituen. Nire mina arintzeko modu bakarra zelako hasi nintzen (…) Espetxezainei erakutsi nien, baina ez zuten ezer egin. Nik espetxezainek hitz egin ziezadaten nahi nuen, gertatzen ari zitzaidana uler zezatela".
Bi erakundeek ondorioztatu zuten gizarteratzea oztopatu ez ezik, gazteen osasunari "ondorio sakonak" ere utzi ahal dizkion neurri "krudel eta kaltegarri" bat dela.
Goranzko joera
Beste herrialde askok ere aplikatzen diete bakartzea preso adingabeei. Ongi dakite hori gazte palestinarrek, besteak beste. Defence for Children International erakundeak, Palestinako bere adarrak eginiko ikerketan oinarrituta, salatu berri du Israelek preso adingabeak galdekatzeko haiek bakanduta mantentzeko joera areagotzen ari dela. 2008tik preso hartutako 66 haur palestinar bakarturen kasuak dokumentatu ditu. Gaztetxoen hitzetan, leihorik gabeko gela txiki batean izan zituzten atxikita, argi hori bat gau eta egun piztuta zutela.
Baina AEBak edo Israel ez dira, inondik inora ere, bakartze neurriak aplikatzen dituzten bakarrak. Herrialde askotako presoek jasaten dute egoera bera munduaren luze zabalean. Mendezek 2011n elkarrizketa batean azaldu zuenez, kopurutan AEBek aplikatzen dute bakartzea gehien, baina joera gorakorra da mundu osoan. Europa iparreko herrialdeetan atxilotuak inkomunikatzeak bakartzea ekar dezakeela azaldu du, eta Japonian edo Txinan, berriz, zigorra betetzeko modu gisa ezartzen dela.
Gehienetan datu ofizialik ez egotea "kezkagarritzat" du Mendezek. Hainbat bildu ditu berak. Argentinako kartzela federaletan, esaterako, batez beste, zortzi egun ematen dituzte zigortuek bakanduta —42 eguneko "muturreko kasuetan"—; Uruguayn, berriz, diziplina zigor gisa hamar eguneko bakartzea ezartzen dute, 90 eguneko gehienezko eperaino luza daitekeena, baina, oro har, 30 egunekoa da batez bestekoa. Brasilen, hilabeteko gehienezko epea dute ezarrita, legez, baina "kasu larrietan" 360era arte luzatzen da epe hori. Antzekoak dira Paraguay eta Peruko legeak. Badira, hala ere, batez besteko guztiak hankaz gora botatzen dituzten kasuak. Giza eskubideen aldeko hainbat erakundek kanpaina zabala jarri zuten martxan iaz, AEBetan Albert Woodfox eta Herman Wallace presoen egoera salatzeko. Bi presoek 40 urtetik gora eman dituzte bakanduta, gehienak Luisianako bakartze ziegetan, baldintza erabat gizagabeetan. Halako kasu gehiago gerta ez dadin, luzerako nahiz mugagabeko bakartzea debekatzea proposatu du Mendezek.
Euskal presoei ere bai
Ez dago oso urrutira joan beharrik bakartuta egon diren pertsonen kasuak topatzeko. Maiz aplikatzen zaie bakartzea euskal presoei Espainiako eta Frantziako espetxeetan. Espainian, ohikoa da euskal presoak bakartze moduluetan izatea, bertako baldintzetan. Baita, sakabanaketaz harago, presoak espetxe beraren barruan sakabanatzea ere. Frantzian egoera ez da oso desberdina. Ongi daki hori Gabi Mouescak, bai OIP Presondegien Nazioarteko Behatokiko zuzendari izan zelako, baina baita neurria bere larruan pairatu zuelako ere. Hamazazpi urte eman zituen preso Mouescak, horietatik hirutik gora bakartuta. Bitan izan zen 18 hilabetez jarraian bakarrik, eta 45 egun egin zituen beste behin mitard- ean, zigor ziegan. Azaldu duenez, azkar hasi zen sumatzen eraginak. "Oroitzen naiz zortzi hilabeteren buruan amets txar bat izan nuela; ikusten nuen nire bakartzearen arduraduna zen epailea lurrean, odolez betea eta hila. Lehen aldia zen halako amets txar bat nuela; beraz, erran nahi du memento batez oso gaizki pentsatzen dituzula gauzak. Hori da nire oroitzapen bat, oso bortitza". Bere barnean beste aldaketa batzuk ere nabaritu zituen. "Hilabete batzuen barne ez nintzen gai liburu bat irakurtzeko, aski fite nekatzen nintzen, eta gauza bera telebistarekin". Kontzentratzeko gaitasun galera hasi zen sumatzen. "Egun guztia pasatzen nuen zeldan ibiltzen, sei urrats alde batera, sei bestera, lehoi bat bezala". Bisitetan totelka nola hitz egiten hasi zen ere gogoan du, "mintzatzeko usaia galtzearen ondorioz".
Mouescak dio halako egoera bati aurre egiteko lehena "gauzak ulertzea" dela. "Presondegian funtzionarioak presoa umildu nahi izaten du. Baina horren kontra, gauzak ulertu behar dira, zergatik zaindari batek egiten didan hori guztia; hori da manera bakarra". Hori arrazoitzen saiatzen zen bera, zergatik zuten bakarturik. "Nik banekien zergatik nintzen bakartasunean; ez zen bakarrik lotura ez izateko familia edo lagunekin, baita ere bazekitelakotz bakartasunean izanez burua duzula galtzen, eta burua galduz, bistan da, militante edo pertsona gisa ahuldua zira, eta galdua izaten ahal zira. Hortakotz egina da bakartasuna: jendea ahultzeko, kolpatzeko. Hori fite ulertu nuen, eta hori zen nire defentsa, erraitea iraun behar nuela, banekiela zergatik egiten zuten hori, eta militante gisa zutik egonen nintzela haien aitzinean". Frantzian euskal preso gehienei ezartzen zaie neurria. "Hori egiten dute badakitelako zein inportantea den guretzat militante gisa ideiak konpartitzea, gure herriaz mintzatzea, eta badakite horrela min asko egiten dutela gure kontra".
2009an espetxeen inguruko legea aldatu zuen Frantziak, eta lehenago gehienezko epea 45 egunekoa bazen, hori 30 egunera murriztu zuten. Mendezek 15 egunetik aurrerako epea tratu txartzat jotzea errespetuz ikusten du, baina eragina pertsonaren araberakoa dela uste du, bakarturik zela aldameneko ziegan bakartuta zuten beste preso baten etengabeko negar eta oihuak gogoan. "Oso gogorra zen harentzat. Horrekin erran nahi dut, kanpoan bezala, presondegian ez girela denak berdin; batzuek egun bakarrak sobera hunkitzen ditu; beste batzuek, ez...". Dena den, literatura zientifikoak dioena sinesten du, "ez baita naturala gizon edo emazte batentzat bakar-bakarrik egotea, nehori mintzatu gabe, aktibitaterik gabe... Gizona edo emaztea ez da egina bakarrik izateko; animalia soziala dela esaten da; beraz, behar du konpartitu, behar du elkarbizi; presondegia jada horren kontra da, baina bakartzea bereziki da naturaren kontrakoa".
Mouescak azaldu du Frantzian, epeak epe eta legeak lege, hainbat presok badaramatela hamar urtetik gora bakarturik. Halaber, ohartarazi du bakartze "ofizialaz" gain, bestelako bakartze motak ugaritzen ari direla eta hunkitzen duten lagun kopurua gero eta zabalagoa dela. Berez, bakarturik ez dauden presoek ere ziegetan gero eta denbora gehiago pasatzen dutela jarri du adibidetzat —kartzela berrietan, are gehiago—. Bi euskal preso elkarrekin, baina luzaz beste guztiengandik bakarturik izan ditzaketela ere aipatu du bakartze ez ofizial horren erakusgarri. "Bi dira, baina hori ere bakartze mota berezia da; biziki untsa dakite hori, luzaz hala egonez sufritzen baituzu ber gauza". Gainera, nabarmendu du euskal presoek sorterritik urrun egonik "kultura mailako bakartze edo urruntzea" jasaten dutela.
Adingabeen eta, bereziki, buruko eritasunen bat dutenen egoera "biziki larriaz" ohartarazi du, halaber. "Bistan da badirela burutik eri diren preso anitz, ez dutela jasaten presondegia, krisi anitz badutela, eta zaintzaileak, arrapostu gisa, bortizki ematen dituzte bakartasunean, hori delako errazena. Biziki larria da, baina gertatzen da usu". Gazteentzat ere kartzela ez dela leku batere ona dio, "baina nehorentzat ez da ona, pertsona printzipioz ez baita egina halako lekuetan bizitzeko".
Administrazioaren erantzukizuna salatzen du Mouescak, ez delako ahaztu behar, legez, bere egitekoa "presoak gizartean berriro bere lekua izateko, elkarbizitzeko prestatzea" dela. "Baina hainbeste denbora bakartasunean emanda ez da posible gizartean berriro normal bizitzea. Frantses administrazioak hausten ditu jendeak, borondatez, eta ez naiz tronpatuko erranez gaur egun ehunka badirela horrela bizi direnak; badakigu aitzinetik jende horietako asko ez direla izanen kapable berriro gizartean bizitzeko, eta administrazioa da horren arduradun".
"Zoritxarrez, badira gutariko batzuk oraino sobera bakartasunean direnak", nabarmendu du Mouescak. Hala, eta bakartzeak presoei eragin ahal dizkien kalte larriak ikusita, egoera horiek "ahal bezain fite" amaitzeko lan egin behar dela dio. Kartzela barruetan beste kartzelarik egon ez dadin.