«Kartzelak ikusi behar dira, jakin zer den 24 ordu han egotea; gogorra da»

Espetxe politikaren «krudelkeria» salatu du Otegik, eta duela hogei hilabetetik kartzelan «badaezpada» dutela

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Madril
2011ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Preso dutela azaldu behar izan du, Arnaldo Otegik, zergatik parte hartu zuen preso bat askatzearen aldeko ekitaldian 2005ean; zergatik esan zion baiezkoa kartzelan 25 urte betetzen zituen Jose Mari Sagardui Gatza aske uzteko eskatuz egin zen ekitaldian parte hartzeari. Ez da saiatu 25 urte Espainiako kartzeletan egoteak zer suposatzen duen esplizituki azaltzen. Aurreko astean ez bezala, atzokoan ez zuen hizketarako gogo handirik Otegik. Nekea nabari zitzaion. Hala ere, espetxeari buruz zein «arinkeriarekin» hitz egiten den ikusteak ez zion isilik egoten utzi.

Epaimahaiak eta akusazioek ez zutela ulertuko jakingo balu bezala mintzatu zen espetxeari buruz. Ezerezean geratuko dela jakin arren ozen egin beharra zuen hausnarketa izango balitz bezala: «Uste dut kartzelak bisitatu behar liratekeela eta jakin zer diren 24 ordu han egotea, mundu guztia konturatu dadin zein arinkeriarekin hitz egiten den batzuetan esaten denean jendeak bi urterekin soilik ordaindu duela zerbait». Badaezpadako neurri gisa, duela urtebete eta zortzi hilabetetik kartzelan dutenean esan ditu horiek.

«Espetxea oso gogorra da eta mundu guztiak kontziente izan behar luke». Egun bateko gogortasunaz ohartarazi, eta hori 25 urtera luzatuta zer izan daitekeen pentsarazi zuen. « 25 urte kartzelan izatea eskandalua iruditzen zait juridikoki, politikoki eta maila humanoan; ez da munduko beste lekuetan halakorik gertatzen».

«Lasai, irabaziko dugu»

Hala ere, ohi bezala, mezu positiboa emanda agurtu zituen atzoko ahozko saioa ikustera joan ziren pertsona gutxiak, saioa epaiaren zain geratu zenean: «Lasai, irabaziko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.