Basauriko espetxean sartu dute, epaia eman bitartean, joan den asteburuan Leioan (Bizkaia) 10 urteko neskato bati sexu erasoa egitea egotzi dioten gizonezkoa. Atzo goizeko bederatzi eta erdietan deklaratu zuen epailearen aurrean, Getxoko auzitegian. Goiza han eman zuen, epailearen erabakiaren esperoan, eta arratsaldeko hirurak inguru zirela eraman zuten kartzelara.
Atxilotutako gizonezkoak 45 urte ditu, eta lehenago ere kartzelan egona da, orain hemezortzi urte. Andrazko bat bortxatzea egotzi zioten orduan, eta urtebete egin zuen espetxeraturik. Poliziak azaldu du, horrez gain, bestelako salaketak ere badituela, genero indarkeriarekin lotura dutenak.
Larunbat iluntzean atxilotu zuten, etxean, Leioan. Bizilagunek azaldutakoaren arabera,10 urteko neskato bat atzeman zuen gizonak bere etxeko atarian; etxebizitzaren trastelekura eraman eta han itxi zuen. Neskatoaren gurasoak jabetu ziren alaba ez zela itzultzen, eta haren bila hasi ziren. Akusatuaren etxeko atarian aurkitu zuten neskatoaren jantzi bat; handik laster, atxilotutako gizonezkoa aurkitu zuten, labana bat eskuetan zuela, etxeko eskaileretan, eta bizilagunek egin zioten kontra. Labanarekin zauritu zen gizona, eta larrialdietako langileek eskaileretan bertan artatu zuten, bai eta erietxera eraman ere. Horrela atxilotu zuten ertzainek eta Leioako udaltzainek. Osatuta, atzo agertu zen epailearen aurrean, eta horrek behin-behineko espetxeratu du.
Espetxeratu aurretik, Juan Kalparsoro EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko fiskal nagusiak Onda Vasca irratiari adierazi zion «bereziki zorrotza» izateko eskatuko ziola guardiako fiskalari. Akusatuari behin-behineko espetxe zigorra jartzeko eskatuko zuela ere iragarri zuen Kalparsorok, «horretarako legezko baldintzak baldin badaude».
Hala ere, fiskal nagusiak uste du lasaitasunari eutsi behar zaiola halako kasuetan sortzen den «alarmari» kontu eginez. «Azken buruan, kasu bakanak dira», zehaztu du, eta ohartarazi du ezin direla legeak onartu «albisteetako tituluen kolpera». Zigorrak handitzea erabakirik errazena dela adierazi du: «Baina ez da eraginkorrena». Instituzioek prebentzio lana eta poliziek «efikazia» ezartzea da biderik egokiena, Kalparsororen esanetan.
Leioako Udalak, berriz, babesa eta laguntza eskaini die erasoa jaso duten neskatoari eta familiari, eta haien intimitatea errespetatzeko ere eskatu du. Erasotzailea geldiaraztea lortu zuten auzotarrak zoriondu ere egin ditu udalak, eta eskerrak eman dizkie. Horrekin batera, erasoa «justuki zigortzeko» esperantza agertu du udalak, beti ere legeak ezarritako neurrien barruan.
Beste bi emakumeri eraso
Beste bi emakumeri ere eraso egin diete asteburuan Bizkaian. Bilboko Irala auzoan, ustez emakume bat iraindu, astindu eta bultzatu zuen 27 urteko gizon batek, andrazkoaren etxean bertan. Bikotekide izandakoak ziren biak. Larunbatean goizeko zortzi eta erdiak aldean jazo zen erasoa, eta Ertzaintzak iluntzean atxilotu zuen ustezko erasotzailea.
Beste erasoa larunbat ilunabarrean gertatu zen, Getxon. Gizonezko batek lepotik heldu eta eraso egin zion bikotekideari, kafetegi batean. Lokaleko bezeroek geldiarazi zuten gizona, 46 urtekoa, ertzainek atxilotu artean.
Horiez aparte, andrazko bat ere atxilotu du Ertzaintzak asteburuan. Bikotekideari argizari urtua burutik behera bota eta belarrondoko bat eman zion, ukabilarekin. Odoletan utzi zuen gizona, eta Basurtuko erietxera eraman zuten. 23 urte ditu atxilotutako emakumeak.
Kartzelan da Leioan neskato bati sexu erasoa egitea leporatu dioten gizona
EAEko fiskal nagusiak ohartarazi du zigorrak handitzea «errazena» bai baina ez dela «eraginkorrena»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu