Joseba Iturbide, Mikel San Sebastian, Jose Antonio Martinez Mur eta Asuncion Bengoetxea kartzelan sartu dituzte gaur. Laurak ostiralean atxilotu zituen Frantziako Poliziak, Donibane Lohizunen (Lapurdi), azkeneko bien etxean.
Martinez Mur eta Bengoetxea Parisera eraman zituzten, eta Edmond Brunaud epaileak gaur aurrena Fresnes espetxera bidali du eta bigarrena Fleury-Merogisera. Iturbide eta San Sebastian ETAki kidetzat jo ditu Frantziako Poliziak, eta hauek etxean hartzea leporatu die epaileak Martinez Mur eta Bengoetxeari.
Iturbide eta San Sebastian Espainiaratu egingo dituzte, eta gaur euroagindu horren berri eman die biei Paueko (Frantzia) Auzitegiko fiskalak. Euroagindua aztertu artean, Mureteko kartzelan sartu dituzte. Asteartean izango dute epaiketa. Atxiloketaren unea oso bortitza izan dela azaldu dute biek eta, Askatasunak jakin ahal izan duenez, San Sebastianek puntuak ditu sudurrean eta Iturbidek belarria zauritua.
Espainiako agintarien esanetan, orain dela hilabete Arrasaten (Gipuzkoa) atxilotutako Igor Portu eta Martin Sarasolarekin batera Elurra komandoa osatzen zuten Iturbide eta San Sebastianek.
Frantziako Poliziak ez zuen armarik edota dokumentu faltsurik aurkitu Donibane Lohizuneko etxeko miaketetan.
Politika
Kartzelan sartu dituzte ostiralean Donibane Lohizunen atzemandako lau lagunak
Jose Antonio Martinez Mur Fresnes kartzelan sartu dute, Asuncion Bengoetxea Fleury-Merogisen, eta Joseba Iturbide eta Mikel San Sebastian Mureten. Azken biek asteartean izango dute epaiketa, euroagindua dela-eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu