Epailearen aurrera eraman dute Santurtzin (Bizkaia) atzo atxilotutako gizonezkoa, bikotekide zuen emakumeari eta bere semeari labanaz eraso egitea leporatuta. Kartzelan sartzeko agindua eman du epaileak. 24 urte ditu gizonak; andreak salaketa ezarria zuen bere kontra. Eusko Jaurlaritzak erasoa gaitzetsi du gaur, gobernu kontseiluaren ondoren.
Biktimak, berriz, Gurutzetako ospitalean daude (Barakaldo, Bizkaia). Hara larri eraman zituzten atzo ama-semeak, eta gaur ere suspertze unitatean daude, pronostiko zehaztugabearekin. Dena den, erietxeko iturriek jakinarazi dutenez, kontziente eta egonkor daude biak, eta ez dute arazorik arnasa hartzeko. 51 urte ditu amak, eta 28 semeak.
Bestalde, 40 urteko gizonezko bat psikiatrian ospitaleratu dute, larunbatean emakume bat itotzen saiatu eta gero. Ermuan (Bizkaia) izan zen erasoa, kalean, bertako udalak jakinarazi duenez: atzetik eraso egin zion 68 urteko andre bati, eta lurrean zegoenean, eskuekin itotzen ahalegindu zen. Osasun etxe batean artatu behar izan zuten emakumea, kolpeengatik.