EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du Bilboko Kaskagorri eta Txori Barrote konpartsei udalak 2009an ezarri zien zigorra. Konpartsak bi urtez Aste Nagusitik kanpo uzteko ebazpena onartu zuen orduan Bilboko udalak, presoen argazkiak erakusteagatik.
Epaiaren arabera, udalak bere araudian jasotzen ez zuen arau-hauste batengatik zigortu zituen Kaskagorri eta Txori Barrote konpartsak. Epaia irmoa da eta Bilboko Udala prozesuaren kostua ordaintzera behartzen du.
Dagoeneko, bi urteko debekua bete dute Kaskagorrik eta Txori Barrotek, eta, beraz, epaiak ez du ondorio praktikorik. Izan ere, udalak ezarritako debekua beteta, aurtengo Aste Nagusian jai eremuan egoteko aukera zuten auzitegiaren erabakia atera aurretik ere. Konparsen ustez baina, ebazpenak garrantzi berezia du "agerian uzten baitu udalak ezin zuela halako zigorrik ezarri".